Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

 

   
Irudia: Kristina Fernandez    
     

7K astekaria irakurtzen ari zara. Literatura atsegin duzu eta kontakizun laburrak maite dituzu. Aspalditik ezagutzen duzu fantasiaren txoko hau. Edo ez. Oraintxe deskubritu duzu, kasualitate hutsez, eta begiratu azkar bat ematea erabaki duzu, denbora duzulako, aspertuta zaudelako. Kontakizunak motza dirudi, di-da irakurtzen diren horietakoa, eta egongo da, akaso, kontu interesgarririkedo bertan. Akaso.

Aspaldi utzi zenion zure inguruan zirraragarria, liluragarria, txundigarria den ezer bilatzeari. Ondo pasatu nahi duzu, apur bat entretenitu, egunerokotasunaren monotonia ahaztu. Ez diozu literaturari –are gutxiago testu labur- labur honi– besterik eskatzen. Ahaleginak egingo ditut, baina ez dizut ezer agintzen.

Sukaldeko mahaian eserita zaude, pijama soinean, ekarri dizuten egunkariari so. Edo betiko tabernan zaude, lerro hauek irakurri ahala kafe-kikararen beroari zurrupada txikiak lapurtzen. Edo autobusean, txutxu-mutxuka diharduen berbalapiko parearen aurrean. Edo –zorionekoa zu!—hondartzan, eguzki printza epelez gozatzen. Zauden lekuan zaudela, jakizu zeu zarela, zeu ez beste inor, istorio honetako protagonista.

Atrebentzia handia litzateke nor zaren (Juan? Ainara? Madeleine?) galdetzea, nolakoa zaren (biboteduna? Begi urdinekoa? Sudur-okerra?) edo zenbat urte duzun (18? 36? 77?) jakin nahi izatea. Ez dit, ordea, horrek gehiegi axola, erantzuna edozein delarik ere zuretzat prestatu baitut kontakizun hau. Zure istorioa kontatzeko, zu bezalakoen istorioak kontatzeko.

Saia zaitez, hortaz, zeure baitara biltzen eta hastear den ipuin honetan murgiltzen. Etxean zaude? Itzali irratia, itzali telebista. Tabernan? Esan zerbitzariari musikaren bolumena jaisteko. Autobusean? Esan aurreko bikoteari behingoz isiltzeko. Hondartzan? Esan umeei iskanbilarik ez egiteko. Esan denei isiltasuna behar duzula, patxada, lasaitasuna... Egarriak zaudela? Eska ezazu baso bat ur. Edo beste zeozer. Eroso zaude?

Has gaitezen, bada. San Martin naiz –Done Martin, Bizkaiko adiskide zenbaitentzat– eta Urretxuko parrokiako fatxadan topatuko nauzu. Bertan noiz jarri ninduten ere ez dakit, hainbeste dira ordutik igaro mendeak. Zer? Urretxu non dagoen? Gipuzkoan, noski! Bai, hori da, Iparragirre bardoaren sorlekua. Tira, esaten ari nintzen bezala, kanpandorreko fatxadan noiz jarri ninduten ere ez dakit. Harrizkoa naiz eta kapa higatu samarra –baina dotorea, gero– dut soinean.

Hasiera-hasieran, bertigo apur bat ere ematen zidan. Hain bakarrik nengoenez, izugarri aspertuko nintzela uste nuen, eta kanpai handiaren hotsak loa galaraziko zidala. Baita zera ere! Ederki moldatu nintzen altuerara, kanpaikadetara zein bakardadera. Egia esango badizut, ezingo nuke orain nire bizitza horiek gabe irudikatu. Hemendik den-dena ikus dezaket, dena entzun dezaket eta munduko denbora guztia dut hor behean egiten duzunari buruz soseguz hausnartzeko. Hori dena inork molestatu gabe!

Urteak dira kronika hauen berri eman nahi nuela, baina jendea presaka dabil, entzuteko astirik ez dauka. Niri lipar batez begiratzeko ere ez. Duela gutxi Mikel ezagutu nuen; nire paretik kasualitatez igaro zen maiatzeko goiz batean, eta hitz egiteko eskatu zidan, adituko zidala eta saiatuko zela berbok 7K astekariaren bidez zuri helarazten. Esan eta egin. Bihoakie Mikeli eta 7K-koei nire eskerrik beroena.

Gogoan dut, esate baterako, 1589ko abuztu hura. Sargori zen eta nire gainean dilin-dalan jotzen zuen, oilar paparduna bezain harro, egun batzuk lehenago Iruñeko gotzainaren sekretarioak arrandiaz bedeinkatu kanpai itzelak. Dilin-dalan, diliin-dalaan, diliiin…

Bizkitartean, Irimo mendiaren magalean, Santa Barbara baselizatik gertu, jende andana zebilen. Harriak gora, harriak behera, kareharrizko jauregia eraiki beste erremediorik ez zuten gizon izerditsuak. Haien artean, zu. Nola demontre moldatzen ote zineten Zeraingo harri puskak gain hartaraino igotzeko? Mando eta idien laguntzaz, alafede! Ez ziren ez gutxi izango animalia eta gizasemeon nekeak.

Guztiengandik aparte, beltzez jantziriko gizontto bat zutunik zegoen, begiak itxita, hatz erakuslea ezpainetan, Antzuolarako kamiñu errealaren erdi-erdian. Madrildik iritsi berria zen eta Calatravako ordenaren gurutze gorria zuen, mehatxagarri, bularrean. Cristobal de Ipenarrieta Leturia zen bere grazia. «Gipuzkoako probintzian sekula ikusi ez bezalako jauregia eraikiko dut —pentsatzen zuen berekiko— eta erregea gonbidatuko dut afaltzera. Txundituta geratuko da nire palazioaren edertasunarekin, bai horixe». Ai, ai, ai, Cristobal gizajoa! Bere ametsak handik lasterrera ekarriko zizun zorigaitza sumatu izan balu, sikiera!

Egunez egun, hilabetez hilabete, urtez urte lan egin zenuen. Gogor lan egin ere. 1605eko abenduan, elurra maramara ari zuen gau izoztu batean… Barkatu? Presaz zabiltzala? Zain dituzula lagunak? Hau hasiera besterik ez da-eta! En fin, beti berdin. Hemen izango naiz, noski. Adio, bai, eta nahi duzun artio.

NOR DA

Urretxu (1985). Itzulpegintzan eta Interpretazioan lizentziaduna.
Irakasle eta itzultzaile aritzen da. EHUn Euskal Filologia eta Hizkuntzalaritza
masterrerako tesina egiten ari da eta Idazle Eskolako bigarren ikasturtean dihardu.
Izugarri maite du irakurri eta idaztea

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago