Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Ameriketan artzain
Kootenay County,
Idaho, 1875eko garagarrilak 12.

Nicanor adiskidea:

7k26    
Irudia: Kristina Fernandez    
     

Aspalditik nabil zuri idatzi guran. Nik baino hobeto dakizu, ostera, zelakoa den herrialde arrotz batera ailegatu eta bizirauteko egin beharrekoak egitea; eta kontuak horrela, aurki, etxekoei idaztea are gaitzagoa izaten dela. Bada, denbora honetan guztian zertan ibili naizen kontatuko dizut, adiuntza da-eta.

Hasteko, Bilboko porturakoa egin nuen. Iazko martiaren 10ean izan zen hori. Hiru egunez izan ginen hantxe, zain: itsasoa harrotuta zegoela-eta, ezin itsasoratu. Eguraldi egonkorragoaren zain noiz arte izango ginen ere, ezin jakin. Edozertara ere, burua ez nuen jada aberrian, aspaldi abiatuak, are, iritsiak ere baginela iruditzen zitzaidan. Alegia, bazirudiela lau bat aste luze izango zen bidaia amaitua zela. Ondo gogoan dut hori. Atsegina izango ez zelakoan burutik kendu banu lez. Dena den, pentsatzen nuen, ezin itxaronaldia baino okerragoa izan. Tira, zorte-kontua ere bazen. Zure lobak idatzitakoaren arabera, itsasoko bidaia ondo joan zen. Askoz gaitzagoa izan ei zela hara ailegatuta nora jo, zer egin, lur hartu berritan. New York, edo dena delako hartan. Han berba egiten zutenaz ere, ideia gutxi hark, ideia gutxi neuk. Iristean portutik irten eta plaza nagusira joan behar nuela banekien, besterik ez, bertan merkeago salduko baitzizkidaten zaldia eta gurdia. Herritik irten, eta horrela behintzat merke topatuko nuela lo egitekoa. Ardiak lortzea zailagoa begitantzen zitzaidan; lurrak aurkitzea, are zailagoa. Zenbat eta mendebalderago joan, hobe, iritzi batean. Tira, gerra malapartatu honek oraindino hil ez banau, ez nau hara joateak hilko, pentsatzen nuen.

Denetara bost egunez izan ginen portuan zain, itsasoa baretu arte. Baretu, berez guztiz baretu ez zena, Bilbo gaineko erasoak. Handik alde egitea lortu genuen, eta ondo egina, biharamunean, gerra hartzen ari zen itxura zela-eta, Bilborako sarrera-irteera
guztiak blokeatu ei baitzituzten. Kapitainak esan zigun; ez dakit baina nola arraio jakin zuen. Bilbo setiatzea lortu zuten karlistek eurek blokeatu ei zuten, hiriburua hartuta zuten liberalak ito nahian. Esango didazu zer gertatu zen zehazki. Edozelan ere, batzuk zein besteak izan, niri bost! Familia eta ogasun apurrak bakean uzten dizkiguten bitartean, egin dezatela nahi dutena, alde batekoek zein bestekoek. Dagoeneko gogait eginda nago.

Ez nintzen ameriketaratu atzean lagatakoaz jarduteko, ordea. Esan dizudan legez, abiatu abiatu ginen azkenean. Itsasoaren erdian ez zegoen zehatz jakiterik zenbat egunez genbiltzan bidaian, guztiz desitxuratuta nuen denboraren joana. Artzainok lehorrerako jaio gara eta, lehenbiziko egunetan ezinean ibili nintzen, zorabiaturik, azkenerako eldarnioak jota ere bai. Ezin kexatu, baina. Bedaroako Manuel horren gogor hartu zuen, ezen bere buruaz beste egiten ere saiatu baitzen. Zoratu beharrean
zegoen gizona. Beharrekoa genuen lehenbailehen iristea. Janedatekoa ere amaitzen ari ei zitzaigun, urik ez ei genuen lar, animoak ez zeuden onenean. Eskerrak behintzat sagardoari. Arrantza egitea ere ezinezkoa baitzen. Behingoz iritsi, horixe
besterik ez nuen gura. Lurra ukitu, libre sentitu. Kartzela ezegonkor hartatik salbu.

Eta, azken ordurako, iritsi ginen behintzat. Aspaldi iritsi ere. New York-edo deritzoten herrira. Herria baino, hiri erraldoia. Ezagutzen dudanarekiko guztiz ezberdina. Hasteko, sekulako hara-hona zebilen, gurdien, salgaien mugimendu itzela, mota guztietako itsasontziak eta jendea: langileak, ugazabak, eskaleak, txiroak, tabernariak... Ez nuen espero horrelako leku batera iristerik. Antzik ez zure lobak gutunetan deskribatutakoarekin! Aurki, horrelako anabasan ezin plaza topatu. Jendeari ez ulertzea ere arazoa zen. Oso ezberdina da hemengo hizkuntza, esaten dutenaz murtik ere ez nuen ulertzen orduan eta, oraindino ere, gutxi. Hona iritsita, beraz, jende aldraren artean nahastu eta behar nuena bilatzeari ekin nion. Ez zen zaila izan, edonon baitzeuden ukuiluak, zaldiz gainezka, eta gurdiak. Gurdi handiak, zaldi handiak. Guzti-guztia baita handia hemen. Hainbat gauza eta txanponen truke lortu beharrekoak lortu, eta aurrera. Hori guztia aspaldi izan zen, baina. Zaldiak eta gurdia eskuratuta, hiritik alde egin nuen. Norabide zehatz barik, mendebalderantz betiere, nahasmen hartatik libratu guran. Bide bazterretan lo, eta handik eta hemendik banandutako jendearen bizitokietan jatekoa lortu, ardi-esnearen truk gehienetan. Ibili
eta ibili, lurralde urrun honetara iritsi arte. Neguak hotzak dira hemen, elurra eurrez egiten du; udak, ostera, bero-beroak dira
egunez, hotz samarrak gauez.

Errekatxo baten ondoan kokatu nuen bizilekua azkenerako. Eta hementxe nabil orduz gero, ondoko belardietan ardiak zaintzen eta gazta eginez, herriaren minez erroetaraino. Ameriketako bakardadeaz eta leku zabalez zalantzarik banuen, dagoeneko haizatu ditut. Hau da hau handitasunaren handitasuna! Bertatik bertara ikusi ezean, ezin imajina. Itzelezkoa. Zazpi eta zortzi egun ere egiten baititut gizakirik ikusi barik. Hizkuntza praktikatzeko, gaitza. Gogoeta egiteko, ostera, ezin aproposagoa. Zertan ari ote dira etxekoak? Amaitu ote da gerra? Nork irabazi ote du? Esan, mesedez, adiskide, jakin gogoz nabil eta!

Dena dela, aberrian gerra amaituta ere –daborduko hala izatea espero dut– egoerak ez du samurra behar. Halandaze, oraindino
urte batzuk emango ditut hemen, eta gero gerokoak. Beharbada, egunen batean nahikoa diru irabaziz gero, ene Bizkaia maitera itzuli, Errigoitira, etxe dotorea eraikiarazi eta ezkondu. Auskalo. Oraingoz urrun ikusten baitut, jarrai dezadan Jainkoak emandako zeregina ahal bezain ondo egiten.

Tira, neure buruaz jardun eta jardun nabil. Zu zer moduz? Aita ondo? Eta ama? Konpondu zenuen azkenean Anastasiorekikoauzi hura? Badakizu, beharrik faltan izanez gero, Ameriketan duzu konponbidea... nahiz eta trukean hainbat gauzari esan beharko diezun agur...

Beste barik, zuri eta gainerakoei ondo doakizuelakoan, goraintziak, adiskide.

Zure lagun,
Fermin
 
 
NOR DA
 
Adriano De Mata

1984ko abenduan Deustun (Bizkaia) jaioa,
ogibidez itzultzailea. Idazle-eskolako
bigarren maila amaitu berri du aurten.

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago