Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
 
Deskargatu Izena Tamaina Iraupena
download Luma berrien eleak-eskumuturrean min
2.8 MB 6:02 min
 
 
 
 
Eskumuturrean min
luma20    

Igelek hitz egiten zuten garaiko kondaira batek dio- eta kondairei beti egin behar omen zaie kasu- erlojugile bat bizi zela euskal kostaldeko herri zokondoratu batean, badira hamarkada anitz.

Oroimenak ere gogorarazi ezin zuen garai urrunean hasi zen erlojuekin lan eta lan; denborak izan zezakeen botereaz ohartu ere ezin zen haurtzaro garaian, alegia. Urteen poderioz, bizar zuria bihurtu zen bere egunerokotasunaren lekuko bakar eta leial. Iratzarri eta loak gatibu harra patzen zuen arte ematen zuen eguna itsasertzeko egurrezko txabola herdoilduan erlojuen begiradapean lanean.

Esku lirainak zituen bai; eta zimur bakoitza, bizitzako oroitzapen ahaztezin baten jagole zen. Maita sun istorio liluragarriak, gaixotasun eta minei irabazitako borrokak, gau bakartiak, ametsak egi bilakatu zireneko uneak, biziki sentitutako taupada bakoitza... Guztiak zituen azalean idatzirik.

Kokotsa pentsakor laztantzen zuen arrastietako batean, gibeleko hormari so egin eta Arantzazuko egutegiko beste orrialde bat txikitu zuen: apirilak 7, larunbata. Ilbetea.“Denbora: gizakiak akabatu nahi duena; azkenean, haren erruz hiltzen bada ere.” H.Spencer.

87 urte bete berri zituela ohartu zen. Uste baino gehiago. Hasperen egin eta begiak kliskatu zituen momentu batez. Eta orduan konturatu zen, denbora baino opari ederragorik ezin zuela inork jaso. Duda-mudatan aritu ostean, bere lantokiko erlojuak kutxa banatan sartu zituen; ehunaka ale bildu zituen arte.

Etxez etxe ibili zen denbora luzez; herritar bakoitzak atarian kutxa miresgarri bat izan zezan. Ezker- eskuin, aurre-atze eta gora-behera eman zituen ordu anitz zapatak higatzen; nahiz eta unadurak behartuta, makina bat aldiz egin behar izan zuen apatx bidean topatu zituen jesarleku eta txokoetan; gorputz eta buruak atseden eske oihu egiten zuten bakoitzean.

Etsia hartzeko zorian zegoela, oraindik ere bizirik zirauen kemenaz baliatu eta aurrera egin zuen kale eta bidexketan barrena; eta arnasestuka; erloju guztiak banatzea lortu zuen. Guzti-guztiak.

Gaueko iluntasuna ortziko errege izendatu zenean moila ertzean eseri zen; zeruko izarrak lagun, eta irrinĖƒo maitagarri bat eskaini zion ilargiari. Itsasoko olatuek eskaintzen zioten lasaitasun-kresala arnasteak biziberritzen zuen bere arima, eta han igaro zuen gaua; lo hartzeak denbora galtzea besterik ez ziola ekarriko indar handiz sinetsiz.

Bien bitartean, erantzunik gabeko galdera ikurrez blai topatzen ziren herritarrak, jaso berri zuten kutxaren zentzua han eta hemen bilatu nahian; inguratzen gaituenen ororen zergatia aurkitzea izan baita betidanik gure kezka bakarra.

Inoiz inork entzun ez bazuen ere, agureak ahopeka: “Jakin, horrela, denbora xahutu besterik ez dugula egin orain arte. Hura bai poza, une bakoitzaren xarmaz gozatu eta galderak alboratu izan bagenitu.... Zergatiek ez dute izan inoiz guk eman nahi izan diogun garrantzirik”

Kutxa bakoitzaren barnean erloju bat, eskuz idatziriko ohar baten azpian ezkutaturik.

“Zaindu ezazu denbora, zure ondare bakarra bailitzan; horrela baizik ez baituzu lortuko bizitzaren goxotasuna dastatzea. Iragana izan zen eta jada ez da; etorkizuna izango da baina oraindik ez da; beraz, orainaldia musukatu, besarkatu, maitatu; ahanzturan usteldurik hil ez dadin...

Hilabeteak hutsalak direla inoiz pentsatu izan baduzu esaiozu hori urrunera bidai egin behar, eta familia etxean utzi behar izan duen marinelari. Egun bat motzegia dela baderitzozu gogora ekar ezazu pertsona hura ezagutu zenuen egun paregabea. Ordu bat ezereza dela? Oroitu ezin duzun jaio zinenekoa ahaztezina da oso zure inguru hurbilarentzat. Minutu bat huskeria besterik ez dela pentsatuz gero, entzun ezazu errainak uzkurtzen dizkizun abestia eta ulertuko duzu urrearen pareko denbora dela. Segundo batek garrantzirik ez duela uste baduzu kutxa hau etxe parean aurkitu duzun segundoa betirako gogoan izango duzula argi izan. Zurea da denbora, zurea besterik ez; eta inork inoiz lapurtu ezingo dizun ondare bakarra izanik, bizi ezazu etorkizunik ez balego legez.

Ulertuko duzu noizbait, erlojuaren tik-tak amaigabea izango dela zure bizitzaren bide bihurrian harrixkak banan-banan kokatuko dituena. Hurbildu zaitez, eta entzun ezazu orratzen hotsa ... Aurrera doaz etengabe; ez zaitez beraz, zu atzean geratu. Segundo hau joan da; baita hau ere; eta orain beste hau... Nabaritzen al duzu?

Urte asko daramatzat buztan; eta nire ordularia moteltzen ari dela nabari dezaket. Orain, 87 urteetan bizi izan dudan minutu bakoitza oparitu nahi nizueke; zuretzat beraz, nire denboraren puska bat...”

Bere laurogeita zazpi urteak banatuak zituen, eta aske sentitzen zen berriro ere, eramanezina zitzaion zama desagerrarazi izan balu bezala.

Min jasangaitza nabaritzen hasi zen ezkerreko eskumuturrean, erlojuaren azpialdean hain zuzen. Adinak pisu gehiegi hartua zuen bere bizitzan. Azkenengo minutu latzak, luzeak eta mingarriak bizi behar zituen seinale.

Erlojua eskumuturretik kendu, itsasora bota eta ez zuen hitzik berriro esan. Denborak esku artetik ihes egin zion...

Haizea Galarraga

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli