Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Mendekua
luma18    
Semeak ekarri nau putetxe honetara. Mendekuz ari da.Eta dena, ez diodalako sinatu nahi etxea berea dela. Gaizto ari da jokatzen, eta horregatik ekarri nau hona, emagalduen artera. Ez nekien, ba, nik, emagalduek zuzendutako barnetegiak zeudenik. Oso maitagarriak dira, gainera. Baina mendekua izan dela ezin ahaztu.
 
Halaxe eraman nuen neuk ere, hamabost urte egin zituenean, San Frantzisko kaleko “La Luna” taberna zulora. Ama etxean utzi genuen, hura ez baitzen emakumeentzako tokia.
 
Ezagunak nituen hango neskak. Noizean behin joaten nintzen...astero. Beltzaran brasildar ipurtandiari keinu egin nion, Joxebari, begi-ertzetik, begiratuaz.
 
Mutikoa harriturik zegoen, baina bizitzeko prestatzea nahi nuen. –Melisa- esan nion, erdi gazteleraz, erdi portugesez, -bihurridan mutiko hau gizon-.
 
Joxeba, nire atzean, erdi ezkutuan zegoen, hankak dardaraka. Txunditurik sumatu nuen, eta handik hamar minutura, eskaileratik jaitsi zenean, igarri nion, begiak horman galdurik, hanka zabalik, zakila gorriturik, minduta, jadanik ez zela ordura artekoa.
 
Eta gaur, hogeita hamar urte geroago, putetxe honetara nakar, nire gainbeheraz konturatu denean, izorra nadin.
 
Badatoz bi neska gazte. Besoetatik heldu naute. Ez diet entzun nahi, ziur asko lizunkeriak esaten ariko baitzaizkit. Zutitu nahi naute, baina ni geldi, menderakaitz. Esertzera noa. Indarra egiten ari naiz, beherantz. Sumatzen ditut izerditan. Usain ederra dute oraingo puta gazteek. Ea konturatzen diren ez dudala jaiki nahi. Gero, oheratzen nautenean, ez dut nahi izango ohean egoterik. Esertzen nautenean, hankak luzatuko ditut, tema egitearren.
 
Batek, bietako indartsuenak, aurretik hartu nau. Bularra erakusten ari zait, soineko zuriaren azken bi botoiak irekita ditu eta. Bada, nik ikusiko ez banu bezala. Begietara begiratuko dut, eta kito. Besteak gerritik. Nola adierazi ez dudala nahi inork igurztea? Zaila da. Lan hau egiteko nire semeak ordain tzen baitie.
 
Han dator bera, hirugarren emaztearekin. Neska ederra da, azken hau. Ez dakit nola lortzen duen halako emakumeak engainatzea, izan, babo hutsa baita. Zerbait esan dit. Ergelkeriaren bat, ziur. Ez diot kasurik egin. Aurrera begira gelditu naiz. Haserre nago biekin.
 
Bularretako estuegia du Pepitak. Hurbiletik aurpegi iluna antzeman diot. Benetako aurpegi zakarra. Niretzako, berak konbentzitu duela Joxeba ni putetxe honetara ekartzeko. –Biok elkarrekin egongo gara, bakarrik, zure aitaren etxean. Ordua zen. Ondo egin duzu putetxe horretan sartzen. Ez zara damutuko. Fusila hustuko dizut?-.
 
Nola aldatu diren egoerak. Gure garaian, emakumeak horrelako tokietara ez ziren sartzen ausartzen. Orain, bertako emagalduei hitz egiten ari da, erizainak izango balira bezala. Lotsagabea. Ez diet gehiago kasurik egingo. Horrela ikasiko dute.
 
Eskutik heldu dit Joxebak, esango nuke igurzten ari zaidala. Bestaldetik, Pepitak heldu dit. Paparreko botoiak solte dituen neskak, indartsuenak, besapetik hartu nau. Besteak prakak jaitsi dizkit, eta dodotisa kendu. Hori bai erregaloa egin diedala. Kaka mokordo mardula. Harrapazak!
 
Ez dute besterik merezi. Bizi guztian euren atzetik, zaintzen, eurekin jolasean, eurekin oporretara, medikuarengana, dentistarengana, irakaslearengana, mendira, Athleticeko partiduetara...
 
Eta, horren truke, putetxera ekarri ez naute ba!
 
Bada, erabaki dut, hemendik aurrera, sillarruedasen jarriko naizela. Eta ez naiz gehiago altxatuko -Garabi handi batekin altxa beharko nauzue-.
 
Eseri naute ohean, atzealdea igo eta gero. Lasai nago. Joan dira emagalduak. Semea eta emaztea bakarrik geratu dira. Hirurok gaude. Ez didate jaramonik egiten, ez baitaukate inor begira.
 
Pepitak poltsa ireki du. Eskuetan zerbait jarri didate. Boligrafoa edo. Nik, ostera, atzaparrak mugitu gabe, gogor-gogor eginda. Notariako orri batzuk atera dituzte. Sinatzea nahi dute. Ez naiz mugituko. Izorra daitezela!
 
Atzamarrak bildu dizkidate, zelo transparenteaz. Ematen du, benetan, boligrafoa heltzen ari naizela. Dena antolaturik zeukaten. Joxebak bizkarretik heldu dit. Besarkatzen egongo balitzait bezala. Kokotsa altxatu dit. Argazkia ateratzera doaz, sinatzen ari izango bainintzaien. Eutsi behar diot. Ez etsi.
 
Gorputzak gainbehera egin dit, pisu osoz eskumarantz, eta ez dute ateratzerik izan. Esku artetik erori natzaio. Ohetik lurrera. Danbatekoa. Hankaz gora nago. Lepoa oker-oker, belaunak hormaren kontra, masaila lurrari jota. Boligrafoa gibeleraino sartzen ari zait. Inor ez dator laguntzera.
 
Barrea irten zait, inork ikusi ezin nauelako. Uste dut, hartu dudanarekin ez dudala aste bi iraungo, baina ondo izorratu ditut. Ezin izan dute argazkirik atera. Ezingo dute etxea izenez aldatu. Ezin mendekua burutu.
 
Oihuak sumatzen ditut. Eurak ere erori dira. Semea, ohe azpian dago, irten ezinik. Besoa okertu du, eta kexaka ari da. Pepita, ostera, aztoratuta. Emagalduei deitzera joan da, garrasika. Etorri dira proxeneta indartsu batekin. Denen artean heldu naute.
 
Pepita eta nire seme alu hori negarrez daudenarena egiten ari dira, nazkanteak. Sinistu egingo diete, gainera. Kontatzen ari dira, zotinka, zer gertatu zaien; auskalo zer bertsio; beraien aldekoa, besteen gustukoa.
 
Ohean jarri nautenean min handia sumatu dut bularrean, bihotza izango da. Aurpegian igarri didate, guztiak neuri begira gelditu baitira. Lasai hil naiteke. Keinu egin diet, azken agurra ezin baitiet ukatu.
 
Semeak eskuetatik hartu nau, azkenean adiskidetu nahi izango balu bezala.
 
Izugarrizko sastada. Sinatu gabe hiltzera noa, behintzat. Hau zoria, putetxean hil behar, eta jendez inguraturik.
 
Ea aurpegia itxuran gelditzen zaidan. Begiak itxiko ditut. Ahoa ere bai. Irribarrea, mesedez. Ai!
 
Dena zuentzat! Aluok!
Agur!
 
Iñaki Odriozola
 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago