Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

Isiltasun beharrean

luma17    

Arratsalde eguzkitsua da eta txoriak kantari ari dira etxe ondoko zuhaitzetan. Egunero bezala, txorien kantu hotsekin nahasten dira aitonaren aulki zaharreko karranka hotsak. Zabuko sokek mugimenduaren igurtziekin ateratzen duten zaratarekin bat egin, eta betiko melodia sinfoniko gazi-gozoa sortuko da mutikoa eskolatik itzuli bezain laster.

Amari, berriz, lanbasak baldean sartzerakoan ateratzen duen melodiak garrazten dio barrena, are gehiago gurpil-aulkidunaren zarata entzuten duenean aldameneko gelan. Badaki hemendik gutxira lanbasa eta lurraren arteko zarata elizako abesbatzaren kantarik ederrena irudituko zaiola senarraren garrasiekin alderatuta. Semea etortzen denerako ogitartekoa prest izan behar du, eta oraindik etxeko lanak amaitzeko daude.

Arratsaldeko bostak dira, eta dagoeneko betazalei eutsi ezinik dabil. Gaueko txanda zain du, gainera, eta zahar-etxeko Eliasek ez dio bakerik emango gau guztian. Gizona sukaldean sartu eta zalapartaka hasi da lurra bustita dagoela ikusita. Gurpilak nekezago mugitzen direla esan dio, eta eskuak ere busti egiten zaizkiola gurpilei eraginez. Amak hasperen sakona egin, eta gizonaren errehabilitazioko azken egunarekin amestu du, nazkatuta baitago bere purrus tadak entzuteaz.

Bizikletaren katea entzun bezain laster konturatu da ama, mutikoaren ogitartekoa oraindik egin gabe daukala. Kopeta zimurtu du mutikoak, eta lagunekin jolasera joateko presa daukanez, gaileta batzuk hartu eta alde egin du, amari ogitartekorik eta musurik emateko tarterik utzi gabe.

Etxetik irten baino lehen ama goiko pisura igo da, aitonari arratsaldeko mokadutxoa eramateko. Eskai leretan doala harritu egin da aulki kulunkariaren zaratarik ez entzuteaz. Gelako atera hurbildu denean, ordea, lasai hartu du arnas, aitonaren zurrunga hotsak entzun baititu. Barrura sartutakoan lo seko ikusi du aitona, eta amak manta bota dio gainetik, hoztu ez dadin. Lurretik jaso du aitona irakurtzen ari zen liburua, eta amonaren argazkia topatu du liburu barruan. Ez du esnatu nahi izan, eta ondoko mahaitxoan utzi dio jatekoa. Ondoren, lanera abiatu da, afaria prest dagoela ziurtatuta.

Goizeko seietan itzuli da etxera ama eta, nekearen nekeaz, etxe aurreko eskaileretan eseri da. Une batez ez du inongo zaratarik entzun: ez zurrungarik, ez zaburik, ez aulkien zaratarik, ez txorro txiorik... Horrelaxe egon nahiko luke beti, isiltasun goxoaren magalean... Pentsamendu horrek bultzatuta, egur bila joan da etxetxora, eta pospoloak hartu ditu sukaldetik. Guraizeak hartu, eta zabuko sokak moztu ditu. Pospoloekin su eman die egurrei eta sokari. Etxe barrura bidaia batzuk egin, eta trastez kargatuta itzuli da sutondora. Berriro eskaileretan eseri eta zabua, aito naren aulki kulunkaria, gurpildun aulkia, bizikleta eta lanbasa nola erretzen diren begira egon da. Arnasa sakon hartu du, aspaldi ez bezala, eta irribarrea atera zaio isiltasun hartan. Sugarren ho tsa besterik ez du entzun denbora luzez, harik eta bizilagunen garra siek isiltasuna hondatu duten arte.

Maitane Legarreta Etxezarreta

ARGAZKIA: Imanol Zubiaurre Bengoetxea

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago