Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Deskargatu Izena Tamaina Iraupena
download Luma berrien eleak-Hogei zimur lehenak
2.9 MB 6:16 min
Hogei zimur lehenak
luma16    

Ez zuen drama ikaragarririk sortu nahi izan, eta ez zuen drama ikaragarririk sortu. Pixkatxo bat baino ez, eta berak bakarrik entzun zituen aho barrunbeak dardara batean jarri zizkion oihu burrunbatsu haiek; gehienez ere kotxe zahar haren paretetara zabalduko zirenak. Edo, agian, kanpotik begiratuta behintzat, lasai asko zegoela emango zuen, irribarre eta guzti, irudizko oihuak kaskezurreko pareten artean etengabeko talkan zebilzkion bitartean. Edo beharbada zoriontsu sentituko zen. Baina, halako edo holako, ez zuen drama ikaragarririk sortu, ez.

Ez zuen drama ikaragarririk sortu inoiz eta ez zuen inoiz ere sortuko. Ez, behintzat, besteen begien aurrean, ondo baitzuen ikasita zainek gainez eginda ere nolakoa behar zuen izan, nolako jarrera agertu behar zuen. Oso esanekoa, emakume apala eta otzana baitzen Brigita; emazte eta ama ezin hobea, beraz.

Drama ikaragarririk ez, mesedez. Eskerrik asko.

Hala ere, ez zuen askotan entzun ingurukoen esker onik, ezta ama hil zitzaionez geroztik anai-arreben zaintza beregain hartu zuenean ere; ez eta hamabi urte izan arren, inolako drama ikaragarririk sortu gabe eskola alboratu eta zama-lan hura onartu zuenean ere. Urteen joan etorriek, gainera, eskerrak jasotzeko esperantza murriztu zioten.

Burua gainezka baina egunero egiten zuen bezala, goiz hotz hartan ere kotxe zahar hartan zihoan Brigita, bakarrik, bizitza aldatuko zion erabakia hartu zuenean. Eta isil-isilik, drama ikaragarririk sortu gabe ekin beharko zion.

Anai-arreben zaintza senarraren zaintzak ordezkatu zuen hamazortzi urte bete zituenean, eta aurpegiko hamahirugarren zimurra atera zion gertaera honek. Izan ere, etxekoandre eta ama rola hartutakoan atera zitzaion lehen zimurra, ezkerreko begi azpian hain juxtu, esan bezala hamabi urte eskas baino ez zituenean eta, urtetik urtera, ugarituz joan zitzaizkion aurpegiko edozein txoko konkistatuz. Ezkerreko begi azpikoa izan bazen lehena, eskuineko begi azpian atera zitzaizkion hurrengo biak; begien artean beste hiru, kopetan beste bat, bekokian beste lau, ezkerreko masailean bat eta eskuinekoan beste bat. Ezkerreko begi azpian agertu zitzaion hamahirugarrena, lehenengoaren ondo-ondoan, eta eskarmentu handiko etxekoandrea zen ordurako Brigita.

Ezkondu eta sei hilabetera jaio zen Brigitaren eta Foster jaunaren lehen haurra, Nikola. Ez zen, ordea, maitasun apasionatu horietako baten fruitu izan, bortxatu egin baitzuen Foster jaunak Brigita, disimuluz agian, astean behin garbitzen zuelako Brigitak Foster familiaren etxea. Eta berea zela pentsatuko zuen Foster gazteak, bere gaineko eskubidea zuela, bai behintzat bere gainean etzan zenean. Haurdunaldi lotsagarri hari aurre egiteko ezkonduko zen beharbada Brigita bortxatu zuen gizonarekin, erantzukizuna berea ere bazen eta gizonaren esanetan, halako begirada, bestelako irribarrea, eta men egin zien azkenean ezkontza eskari amaigabe haiei.

Baina ez zuen sekula ere drama ikaragarririk sortu, are gutxiago izan zuen ezkontza zoragarri haren ostean.

Hamaseigarren zimurra atera zion Nikolaren jaiotzak Brigitari –hamalaugarrena haurdunaldian zehar agertu zen, harengatik edo honengatik, eta Foster jaunaren galtzontzilo zikinak garbitu zituen batean hamabosgarrena-, maitasunik sentiarazi ez zion amatasun amaiezin batean murgilduta ikusi zuelako bere burua. Gainera, Foster jaunak asmo onez erosten zizkion punta-puntako arropa-garbigailuekin, irabia-gailuekin, labeekin, izozkailu eta hozkailuekin, su-plakekin, xurga-gailuekin, kristal-garbigarri, mopa, erratz eta trapuekin uztartu behar zuen umearen zaintza. Hamazazpigarren, hamazortzigarren, hemeretzigarren eta hogeigarren zimurrak agertu ziren oso denbora gutxian.

Kotxean zihoan astearte goiz hartan Brigita, etxerako bidean berez, buruari bueltaka eta bueltaka, garrasika akaso, bat-batean norabidea aldatu eta bestelako bide bat hartu zuenean. Ez zuen, ez, kontu harekin jarraitzeko inolako asmorik. Eta ekintzarako prest agertu zen.

Nikola sortu eta gutxira jaio zen Alexandra, hau ere Foster jaunaren nahia izan zena, eta ez ziren handik denbora askora jaio Maria eta Madalena biki hiperaktiboak. Poz-pozik bizi zen Foster jauna, nahiz eta bere gusturako alaba gehiegi izan; izan ere, semeak baitzituen nahiago, prestigio eta zentzu kontuak omen, eta horregatik kontsolatzen zuen bere burua Nikola semearekin. Brigitari, aldiz, berdin-berdin zitzaion seme zein alaba, txakur zein katu. Aurpegiko zimurrek, gainera, hartua zioten jada aurpegiko txoko, zulo eta kurba oro. Hogeita bi urteko emakume gazte baina guztiz zaharkitua zen ordurako Brigita, eta mahaspasa erraldoia bere aurpegia. Baina berak landare eder izan nahi zuen.

Otsaileko astearte goiz hartan ospitaletik bueltan zihoan Brigita, kotxez, gidabaimena ateratzeko baimena eman baitzion behin Foster jaunak Brigitari; dilistei, oilasko frijituei edota kalabazin kremei erretzeko betarik eman ez ziezaien umeak leku batetik bestera beti garaiz eramaten zituen bitartean. Eta zimurrek gorputza hartu zioten urte betean, ezagutezin bihurtzeraino. Ispilu aurreko mamua zen Brigita, mahaspasa baten mamu ikaragarria.

Ospitaletik bueltan zihoan beraz, oihuka edo isilik, berriz ere haurdun zegoela jakin ondoren. Eta ez zuen kontu harekin jarraitzeko inolako asmorik. Ekin beharra zuen eta horregatik hartu zuen eguneroko diziplina apurtu zion bidea, eta aske sentitu zen. Are askeago sentitu zen azeleragailua sakatu eta abiada bizia hartu zuenean kotxeak, baina askoz ere askeago eskuak bolantetik askatu zituenean.

Baina ez zuten mahaspasa erraldoirik topatu kotxe hondatu hartan, landare eder kolosal batek zeharkatu zuelako kotxea ezker-eskuin.

Alaitz Andreu Eizagirre

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli