Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Demagun
7k22    
Irudia: Kristina Fernandez    
     

Erdi irekia utzi du atea, badaezpada ere. Inguratzen denean inguratu, ikus dezala lanean ari dela; indarrez sakatzen ditu teklak, fundamentua eta amorrazioa iradokitzen dituen erritmoan.

Noiz etortzen da? Demagun ipuinaren hasieran inguratzen dela; denborarekin dator, ez baitu lekua ezagutzen. Koadernoko apunteei jarraiki iritsi da. Oinez igo ditu eskailerak, solairuak kontatzerakoan, hauek ez baitute zenbakirik, beheko pisua kontuan hartu-ez hartu hausnarrean.

Edo, beharbada, ez, agian hobe da ipuinaren erdialdean edo iristea, behin pertsonaia bideratu antza denean; demagun bigarren solairua izanik ere, igogailua hartzen duela, praken gerrikoak traba egiten baitio eskaileratan gora. Demagun igogailutik atera eta zuzenean egiten duela atera, bere bizitza osoan, egunero, goizeko zortzietan bide hauxe egingo balu bezala. Iristeagatik, irits liteke beranduago ere, kontakizunaren azken lerroetan, edota, behin hasita, baita azken irakurraldiaren ostean ere, duda-mudako zatiak kolore gorrira aldatutakoan. Baina ez, nahiago lehenago izatea, aukera oro, edo gehiago, behintzat, zabalik dauden lerroren batean.

Iristen da bai, halako batean, eta ate zirrikitutik ikusten duena zera da; ile beltz-beltzeko emakumea, eta azkazal gorriak tiki-taka ordenagailuari emanaz. Ez dio aurpegirik sumatu, kokotsa ia lepoaren kontra ari baita, idazteko behar dena baino gehiago jaitsiz burua; oraindik ez du, beraz, ez begirik, ez sudurrik edo ezpainik, ezta piercingik edo modelo famatu bat gogoraraziko dion oreztatxorik ere emakumeak.

−Epa... barkatu, garaiz al nator?

−Oraindik bizi zara, behintzat.

−Ez da gutxi.

Orduan baino ez du jaso burua gure emakumeak, hemendik aurrera idazlea deituko diogunak, konfiantzan.

Gainditua. Zazpiko bat, eskuzabalegi izan gabe, lehen begiratuan. Gaztea, luzaroan gazte mantentzeko itxura duena; gorputza gogor itxurakoa, ukitzeko gogoa pizten duen horietakoa. Betile handiak, begiak handiago egiten dizkiotenak. Ile motzak, apurren bat luzatzen utziz gero, kizkur bihurtzeko tankera du.

−Eseri lasai. Oraintxe bertan... maleta egiten ari zara.

−Oporretara?

−Ez.

−... −Dena jakin nahi duzu, edo?

−... −Ausarta, azkarra, planta hotzekoa.

−Ondo da.

−Hizkera argia, zehatza, baina justukoa. Ez kontu-kontari aritzen den horietakoa. Ulertzen?

−Esan behar dena esan, eta kito...

−Esan behar dena ongi esan, eta kito. Izena... ez dakit...

−Ba... Unai?

−Unai? Ez, ez, ez. Zerbait... urbanoagoa pentsatua nuen. Alex, edo?

−Alex?

−Jonhatan.

−Bueno. Nahiago, aukeran.

−Hilketa bat duzu buruan.

−Hilketa?

−Hilketa bai, maitalearena.

−Hara.

−Baina maletan ez daramazu pistolarik. Zerbait inprobisatuagoa nahi nuen. Amorantearen semeak pilotan irabazitako trofeo bakarra, brontzezkoa, bulegoko bigarren apalean egoten dena... garbitzaileak astean hirutan hautsa kendu ondoren zentimetro batzuk lekualdatzen du, beti, andrearen amorrurako.

−...

−Zer diozu?

−Ez nuen horrelakorik espero... zugandik. Nobela beltza? Arrosa?

−Ez, ez. Kontatu nahi dudana zera da, pasioa, desioa. Zerbaiti uko egiteko zure ezintasunak zerbait hori gorrotatzera zaramatza. Bueno, garaiz heldu zara, oraindik ez dago hildakorik.

Emakumea, barka, idazlea, aulkitik altxatu da, lehen aldiz. Eta gizonak, dagoeneko protagonista dei geniezaiokeenak, haren gerrialde estua sumatu du ipurtaldean neurri justu eta jostagarrian zabaltzen dena, zapata takoidun gorrietara iritsi arte begiekin jarraitu dituen hanketan barrena.

−Baldintzak.

−Hasiberria zara, ezin duzu asko eskatu.

−Adostu beharko dugu zera, noraino naizen zure esku...

Idazlearen hatzak, lehenik, eta ezpainak, gero, sentitu ditu protagonistak bere hitzak estaltzen, eta jarraian gainean eseri zaio, hanka-zabalik, eta gonak apur bat gora egin du haren izterrak luzatuaz. Orain protagonistaren buruan, lepoan, dabiltza haren eskuak, eta aurpegi parean, likrazko nikiaren azpitik, bi titiburu suma ditzake berari begira.

Demagun saiatu, saiatzen dela ihes egiten. Ez dela honetara etorri, andrea zain duela, bera nobela batean noiz irtengo, kuadrillakoei hura erakusteko, eta, zergatik ez, agian berak ere bigarren mailako pertsonaiaren bat lortzeko... baina ezetz, ez duela hura ez den inorekin larrutan egiteko asmorik.

Zertarako balioko luke? Idazlea gainean dabilkio jadanik, aurrera, atzera, arropak tiraka erantziz, lepoan kosk eginez, eta protagonistak ere orain arte atzera botata, zabal, zituen besoak idazlearen ipurtaldera daramatza, eta, oso luzeak ez dituen arren, azkazalek pantiak apurtzen dituzte. Aulkitik altxatzen da, idazlea besoetan, mahai gainera bultzatzen du, eta azpian hartzen. Bularretatik lepora, belarritara miazkatzen du, idazlea, intziri artean, berriro gain hartzen saiatzen den bitartean. Krask! entzundakoan burua altxatzen du protagonistak; ordenagailua dakusa lurrean, osorik baina pantaila pitzatuta. Bere parean apalak, eta horietatik bigarrenean, karpeta eta artxibagailu artean dirdiratsu, pilotari baten brontzezko irudia, besoa atzera eginda pilotari emateko keinuan. Protagonista ez da saiatu begiak kizkurtu eta urre kolorezko hizkiak irakurtzen.

NOR DA

Ione Gorostarzu Etxebeste

Berastegi, 1984.Historia eta irakasle ikasketak;
Idazle Eskolako ikasle ohia. Duela gutxi kaleratu du bere
lehen poema liburua (“Des egiten”, Elkar).

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago