Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

Zulo beltza

7k16    
Irudia: Kristina Fernandez    
     

Ari da gertatzen nire gorputzean, ari da marmoka gorria izter barrenak ureztatzen, ari da marmoka likatsua irrist egin eta alde egiten. Badoa alutik kanpora, ari da gertatzen, eta berdin du nora. Plazera, baina batez ere lasaitua hartu dut ur bihurtuta desegin denean, desegin berriz ere ez itzultzeko, joan da marmoka. Lurrera begiratu eta berriz agertu da, ordea, borobil gorria, ur masak magikoki bildu eta bizitza eman izan balio bezala: putzu gorri mutantea dabilkit hankartean gora. Esku artean hartu dut eta indarrez estutu bi ponpa garden sortu diren arte. Inolako kontrolik gabe ari dira hazten, gero eta borobilagoak dira, handiagoak, erraldoiak orain, goraka hegaz, baina hatz erakusleaz ukitu eta lehertu egin ditut. Plop, plop. Esku eta besoetan pausatu zaizkit ur tantatxoak, txiki-txiki, kilimak eraginez, lasai antzean edo. Plop.

Amets berezia izan dut bart, arraroa. Ez dut oso ondo gogoratzen. Marmoka gorri batez erditzen nintzen, edo ez, erditu ez, alutik ateratzen zitzaidan, bera bakarrik. Ponpa erraldoi bi agertu dira gero, nigana hurbiltzen ziren ponpa mutante bi, gardenak. Lehertu egin ditudala uste dut, bai, lehertu. Berezia da sentsazioa, ukiezina eta irristakorra dirudienari heldu eta aurre egiteko kapaza zarela ikasten duzunean.

Ari da gertatzen nire gorputzean, azken egunotan antzeko ametsak izan ditut gainera. Halere, zortzi aste dela hasi zen guztia, fluxu nahasketa gordin batek sortu zuelako egunetik egunera han- diagoa den puntu beltz hori, puntu beltz hau: hemen dago puntu beltza nire gorputz honetan. Utero bateko puntu beltza baino ez da, baina nire barnean dago gelditu ezean etengabe haziko den borobila. Plop.

Bi dei egin nituen atzo: Anderri bata, Osakidetzari bestea. Zurekin geratu nahi dut, zerbait dut kontatzeko. Ados, zure etxe azpiko tabernan, zazpietan. Klik. Egun beroa izan zen atzokoa, tirantedun soineko berdea eta sandalia gorriak jantzi nituen, nire gustukoenak. Ezpainak ere, gorri. Tabernara jaitsi nintzen, artean benetan zertara nindoan oso argi ez neukala, inoren bedeinkapena beharko nuen akaso, edo semena jaurti zuenari azalpena zor niola pentsatuko nuen, ez dakit. Hala ere, agindutakoarekin jarraitu, tabernan sartu eta kolokan zegoen mahaia aukeratu nuen nahi gabe, kolokatzeko gogoa nuelako beharbada, zergatik ez. Egia esan, baliteke neure burua ikusi izana kolokan, putzu gorria desiratzen bainuen. Marmoka gorria.

Iritsi zenean, inertziak ezarritako erritu mo- duan edo, ezpainetan eman zidan musu, eta berak ere garagardoa eskatu zuen gero. Nire aurrean eseri zen. Haurdun nago. Ur tantak ikusi nituen mahai gainera jauzi eginez, bata bestearen atzetik, gainetik, gainezka; izerdia zerien garagardoei, izerdia uholdeka, lurrundu egingo dira azkenean, ni bezala. Begiak jaso nituen eta berak, zerbaiten esperoan nola, sabelera begiratu zidan: ez gaizki ulertu, haurdun nago baina ez dago haurrik.

Halere, inoiz baino ederrago zaude, emeago. Mutila izango da beharbada.

Ari da gertatzen nire gorputzean. Gaur ikusi dut lehen aldiz puntu beltz hori, puntu beltz hau. Gaur ikusi dut, aluan instituzio medikua sartu didatenean; nire alua medikuntza ahalguztidu- naren hogeita hamar zentimetroko falo gogorra barruan, falo zuria, kondoia gainetik zuela. Zuria, purua? Eta lubrikatzailea, hotza. Gaur ikusi dut, faloaren kamera barruan nuela, eta entzun ditut taupada bat, bi, hiru taupada, edo gehiago, baina ez dut ezer sentitu. Gezurra, sentitu dudalako: puntu beltz hori nire gorputzetik lehenbailehen ateratzeko gogoa sentitu dut, eta halaxe adierazi diot aluan iltzatutako faloa eusten zuen latexezko eskularru zuriaren jabeari ere: desagerrarazi puntu beltz hori, nire gorputza dago orain jokoan. Harriduraz bezala begiratu nau eta ez ote ditudan taupadak entzun galdetu. Bai, entzun ditut. Taup- taup, urduri jarri nau. Hobeto pentsatzeko eta datorren astean itzultzeko esan dit.

Ari da gertatzen nire gorputzean. Handitu zaizkit titiak, gerria, izterrak eta orkatilak, eta hilerokoa, desagertu, eta inoiz baino emeagoa naizela esan dit batek, eta ederrago nagoela. Ari da gertatzen nire gorputzean, eta puntu beltzak borobildu egin nau, borobil izugarria naiz. Handitzen, handitzen, ari naiz handitzen txikia izanik, ez dut ama izan nahi nik. Plop.

Bata zuridunak datorren astean itzultzeko esan dit, hobeto pentsatzeko, erabakitzeko gabezia ikusi izan balit bezala, eta etxera etorri naiz. Ispiluari begiratu eta nazka sentitu dut lehertzear dagoen triparekin imajinatu dudanean neure burua, baina botaka egin dut maitasunik sentiaraziko ez didan amatasun amaiezin batean murgilduta ikusi dudanean nire gorputza, ni naizen nire gorputza. Ari da gertatzen nire gorputzean, puntu beltza baino ez dena zulo beltz ari baita bilakatzen: guztiz irentsiko nauen zulo beltza.

Amari deitu eta kontatu egin diot. Negarra. Berea, ez nirea. Negarrez esan dit, aitorpen zikina egiten denean nola, gaztetan abortatu egin zuela, Londresen, hemen guztiz debekatuta zegoelako. Eta inoiz egindako akatsik larriena izan zela, oraindik ez diola bere buruari barkatzea lortu. Horregatik, ez dezadala oker bera egin erregutu dit, ez diodala sekula ere neure buruari horrelakorik barkatuko. Negarra. Klik. Moztu egin diot.

Ohean etzan naiz. Gustatzen zait nire gorputza ukitzea, laztantzea, sentitzea. Ur-jauzi izatea. Banaiz.

Ari da gertatzen nire gorputzean, nire gorputz maitean. Eta ez dut zulo beltzik nahi, oso argi dut hori: zulo beltzek galaxiak zurrupatzen dituzte oso-osorik. Gorputza dut galaxia eta nik, nik baino ez dezaket erabaki zer egin nire galaxian. Inoren bedeinkapenik nahiz debekurik ez den galaxian.

Ohetik jaiki eta telebista piztu dut. Gallardon ageri da, alkandora zuriz jantzita, abortuaren legea gogortuko duela esanez, azken legeak amatasunaren eskubidea urratzen duelakoan, haurdun geratzen den emakumeak abortatzeko presio jasanezina sentitzen duelakoan. Eta ni, bitartean, inoiz baino emeago, inoiz baino ederrago, boro- bilago, bizitzako hanka sartzerik handiena egiteko asmotan, latexezko falo zuriak hausnartzeko ezarri didan aste hau nola igaroko dudan pentsatuz.

Eta puntu beltza da, gero eta zuloago.

Alaitz Andreu Eizagirre
Bilbon jaio zen, 1986an. Euskal Filologian lizentziatu ondoren,
Euskal Filologiako masterra egin zuen. Egun, AEKn dabil irakasle.
Idazle Eskolako lehen maila egin du.

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago