Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Harrien eraztunak 

Zubi gainean eserita egoten nintzen euren zain. Zerain aldera begira dagoen atari inguruan itzal bat ikusi orduko korrika hasten nintzen, ezkutaleku on baten bila. Gehienetan, ordea, gordelekutik atera behar izaten nuen ordu laurdenez ezkutatuta egonda gero inor ez zetorrela ikusita, edo muturren aurretik igarotzen zena beste norbait zela konturatutakoan.

Bi itzal ikusteko gai nintzenean, bata altua eta luzea eta bestea baxuagoa, bihotz taupadek nire hankek baino erritmo biziagoa izaten zuten, eta ozta-ozta iristen nintzen harrizko harresitxoraino. Mikelen aitak zubia pasa eta oinez jarraitzen zuen baserriraino, baina Mikelek denbora pixka batez bertan egoten uzteko erregutzen zion eta zubi gainean esertzen zen urari begira. Aitak kontuz ibiltzeko esaten zion beti, egunen batean zoritxarrekoren bat gertatuko ote zen beldurrez. Halere, aita aurrean ez zegoenean erreka ertzera jeisten zen eta harriak botatzen zituen uretara, gustuko baitzuen urak ateratzen zuen hotsa, eta baita harriak ura kolpatzean sortzen zituen ur-uhinak ere. Uhin haiei begira egoten nintzen ni ere, eta zuhaitz enborrek barrualdean izaten dituzten eraztunak gogorararazten zizkidaten, zuhaitzen adina zehazten dutenak. Harriek ere euren adina adierazten zutela pentsatzen nuen ura jotzerakoan agertzen ziren uhin kopuruaren bidez.

Denbora pixka bat harri jaurtiketan pasa eta gero lore bila ibiltzen zen. Lore batzuk bildutakoan korrika ihes egiten zuen baserri aldera. Urrutiratzen ikusten nuenean irteten nintzen nire ezkutalekutik eta osabaren baserrira itzultzen nintzen. Isilpean ibiltzen nintzen beti, ez bainuen Mikelek ikusterik nahi. Egun batez, alabaina, estropuzu egin nuen korrika nindoala eta min hartu nuen; zubi ondoko zelaian etzanda aurkitu ninduten, intzirika. Mikelen aitak besotan hartu ninduen eta herriko medikuarengana eraman. Txorkatila bihurritu nuen eta denbora batez makuluekin ibili behar izan nuen.

Handik aurrera ere, larunbatero agertzen nintzen, baina makulu eta guzti, eta, ordurarte ez bezala, korrika egiteari utzi nion aldapa gainean bi itzal ikusi bezain laster. Mikel nirekin geratzen zen zubi inguruan eta harriak botatzen genituen uretara. Larunbat haietako batean errekak ez zeraman ur askorik, udako eguraldi ona zela-eta, eta harriei begira geratu ginen, haietakoren bat guk botatakoa izango ote zen jakin nahian. Erreka erdira hurbildu zen Mikel eta aurkitu zuen harririk pisutsuena eta politena hartu zuen. Harri txiki zorrotz bati heldu eta bion izenak idatzi zituen harri erraldoi hartan. Ondoren, errekaren erdialdean jarri zuen berriro, lurrari ahalik eta ondoen lotuta. “Errekako ura etengabe mugimenduan dabil eta berarekin eramaten ditu pisu gutxiko harriak eta adarrak. Datorren udan, uraren maila baxu dagoenean, gure harriak hor jarraitzen duen begiratuko dugu”. Hunkitu egin ninduen bere jokaerak eta inguruan zegoen lorerik politena eman nion trukean.

Ez nuen harriak hurrengo udan bertan jarraitzen ote zuen jakiterik izan. Osabak baserria saldu zuen urte hartan eta ez nintzen gehiago bertara itzuli. Orain begi aurrean daukat zubia eta hogei urtez gogoratutako uneek bizirik dirautela iruditzen zait. Zubi gainean eseri eta urari begiratu diot, emeki-emeki aurrera doan ur emariari. Behera jeitsi eta uretan sartu ditut hankak guk utzitako harria oraindik bertan dagoen jakin nahian. Harri handi batean izen batzuk ikusi ditut idatzita eta segituan heldu diot. Mikel jartzen du alde batean eta bihotza taupaka hasi zait erritmo bizian. Nire izenik ez da ageri, horren ordez Eneko jartzen du harriaren beste aldean.

Barre algarak entzun ditut urrutian eta aldapa gora begiratutakoan bi itzal ikusi ditut. Gizon bat eta mutiko bat datoz aldapan behera eta iraganeko oroitzapenak sortutako izua dela medio ezkutatu egin naiz. Gizona eta mutikoa behera jaitsi dira eta mutikoa harriak errekara botatzen hasi da. Loreak bildu ditu mutikoak eta gizonak “Ama pozik jarriko da, Eneko” esan dio, bidean aurrera jarraitu dutenean.

Zubi gainera igo eta paperean bilduta ekarri dudana atera dut poltsatik. Eraztunaren barrualdeko letrei begira geratu naiz: G eta L betiko. Hatzei begiratu diet, azalaren kolore beltzaranari, marka zuririk ez inon. Amorruaren amorruz uretara bota dut eraztuna baina zipriztintxo bat besterik ez da sortu, uruhinik ez. Eraztunak ezin eraztunik sortu, urtebete ere ez dauka eta. Mikel eta Enekoren harria hartu eta nire gordelekuan lurperatzea pentsatu dut, urak eraman ez dezan, behingoz zerbaitek betiko iraun dezan. Zuloa egiten ari naizela larruzko zapi bat aurkitu dut, barruan zerbait daukana. Eskuetan hartu dut zapia eta dexenteko pisua dauka. Zabaltzerakoan aurkitu dudan lehenengo gauza nire ume garaiko lepokoa izan da, aspaldi galdu nuena. Ihartutako lorea dago azpian, ondoko zelaian daudenak bezalakoa. Harri bat ere bada. Begiak eta masailak igurtzi ditut harri gainean Mikel eta Lierni irakurtzerakoan. Guztia hartu eta zu- bi gainean eserita geratu naiz euren zain.

Maitane Legarreta

luma14

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago