Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Amets-saltzailea
luma21    
Goizero egin ohi duen bezala, Imdat El Fahri 6:30ean etxetik atera da lanera joateko. Lagunek, adarra jotzeagatik, esaten diote ordu horretan oraindik kaleak jarri  gabe daudela, baina berak ondo baino hobeto daki zein garrantzitsua den Galata zubiaren ondoko Haliç plazara lehenbailehen iristea. Plazatik oso gertu Istanbuleko alde asiarrera igarotzeko ontziralekua dago eta lehenengo ferrya 8.00rako abiatzen da. Oso toki  estrategikoa da, handik langile eta turista asko pasa behar baitituzte.

Bere lekurik gustukoena plaza erdian agertzen den Attatürk-en eskulturaren azpian da.  Aberriaren aitaren babesean, alfonbra gorri  txiki baten gainean jartzen du etxeko baskula  eta zain egoten da norbait bere burua pisatzeko agertu arte.

Plazatik lanera bidean igarotzen diren beharginek zabaldutako ospe onari esker, Imdatek daukan bezeria finkoa, egunetik egunera,  handitzen doa. Egunero 7:45ean, esaterako, alfonbra gorritik pasatzen da Fhati, “simit” saltzaile lodikotea, zeini baskulatik jaisterakoan  aurpegia alaitzen zaion: “gaur ere gramo batzuk galdu ditut...”

7:55ean Farah lore saltzailearen txanda da.  Baskulara igotzerakoan ikara aurpegia, berehala pozezko bihurtzen da; eta kontent jarraitzen du lanera.

Turisten artean ere arrakasta izaten du. Hasieran, hauek lanbidearen bitxikeriak erakarrita hurbiltzen dira. Gero, euren pisua neurtutakoan, poz-pozik jarraitzen diote turista  ibilbideari.

Bestalde, bere gremioko plazan bertan lan  egiten duten beste bi langileek ez dute ulertzen El Fhari-ren arrakastaren sekretua zein  den, eta, inbidiaz, galdetzen diotenean, erantzuna beti berdina izaten da: “Bezeroari eman  behar zaio bezeroak berak nahi duena.”

Gaur, Imdat geratua da lagunekin afaltzeko. Lagun baten 40. urtebetetzea da eta ospakizun  berezi horretarako jende asko dago gonbidatuta.

Afari ordua iritsi da eta aipatutako lagun horren etxea lepo dago; gonbidatuen artean neska polit bat ezagutu du Imdat-ek eta denbora luzea pasa du berarekin hizketan. Oso ospakizun berezia denez, ez da ezeren faltarik izan:  nahi adina janari eta edari.

Hurrengo egunean El Fhari oso sentsazio arraro duela esnatu da betiko orduan. Bart  gehiegitxo jan du eta betekada sentsazioarekin jarraitzen du. Gainera oso lo gutxi egin du.  Komunean sartu eta ispilu aurrean mingainari begiratu dio. Horrela dabilela, ispiluaren  bestaldean, zeharka, bere lan tresnari erreparatu eta orain arte inoiz izan ez duen tentazioak asaldatu du. Bira eman du eta egunero egiten duen bezala, baskula hartu eta trukatu egin  du. Gero, urduri, lurrean utzi du eta, begiak  itxita, baskula zapaldu du. Hauek ireki baino  lehenago, gauean ezagutu duen neskaren irudia etorri zaio burura...

Gaur Inmad El Fahri ez da 6:30ean etxetik  atera lanera joateko. Baskula besapean daramala, beranduago, Taksim bigarren eskuko  salmenta plazara abiatu da.

Mikel Agirregomezkorta

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago