Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

13. linea

Basilique de St. Denis

na4    
pdf    

Segizioa osatzen duten hogei pertsonak metroan sartu dira, estazioko eskaileran behera, beltzez jantzita denak. Bruno aurrean doa, familiako gazteena izaki. Portzelanazkoa dirudien potetxoa eskuartean darama. Alde batera eta bestera begiratzen du, zurrun eta serio demonio, masailak lotsaz gorrituta. Osaba Phillippe ez zuen ongi ezagutzen. Eguberrietan 50 euro ematen zizkion bibotedun izerditsua besterik ez zen. Hil zenean, kosta egin zitzaion bere sentimentuen artean ezaxola ez zen beste ezer topatzea. Orain bai, ordea. Orain sentimentuak borborka ari zaizkio, gorputzeko poro guztietatik atera nahian: gorrotoa, amorrua, lotsa... Bere baitarako, mila alditan madarikatu du Osaba Phillippe eta bere testamentu zikina.

Phillippe metroko gidaria izan zen 30 urte luzez. Eta jakina, hiltzean, bere errautsak metroaren erraietara bota zitzaten eskatu zuen. Zurian beltz jarri zuen. Metroko zuzendaritzaren baimen berezia ere lortu zuen horretarako. Bestalde, Phillippek ez zuen seme-alabarik, eta anai-arrebekin ere ez zen sobera ongi konpontzen. Bakardadea maite zuen. Horregatik egokitu zitzaion Bruno ilobari errautsak potetxoan eramatea.

St. Denis basilikako estaziora jaistean, bidaiari askok harri eta zur begiratu diote beltzez jantzitako segizioari. Batzuek barre txikiak egiten dituzte ahapeka, baten batek aitaren egin du, eta gehientsuenak estaziotik ihesi atera dira, nahiago baitute bidea oinez egin, halako lagunartearekin bagoi berean sartzea baino. Phillipperen senide eta lagunak trenbidearen ertzera iritsi dira, eta zirkuluerdi bat osatu dute. Don Nicolas apaiza Brunoren aldamenean jarri da, eskua mutilaren sorbaldan bermatua. Ez du mikrofonorik, baina errezuari ekin dionean, bere ahotsak burrunba egin du ganga itxurako estazio ilunean. «Jauna, eraman ezazu zeruetako erresumara zure semearen arima. Denok bezala, Phillippe ere bekataria zen, baina baita gizon zintzoa ere...». Ai, ama. Mundu guztia begira, pentsatu du Brunok.

Apaizak aurrera darrai: «Phillippe ez zen mezatara joaten, eta bere hiletan ez zuen fede kontuez hitz egiterik nahi. Hori utzi zuen idatzia bere testamentuan. Hala ere, denok dakigu, bere bihotzaren barrenean, Phillippe kristaua zela, gu guztiok bezala, eta orain Jaungoiko Ahalguztidunaren aldamenean dagoela, bere senide eta lagun preziatuei begira, irribarretsu. Hemendik aurrera, gu guztion baitan egonen da betiko». Brunori iruditu zaio Don Nicolas aprobetxategi bat dela, osaba Phillippek ezin baitu apaizak dioena gezurtatu. Jada ez. Bizirik balego, Don Nicolas paparretik heldu eta lepagora kenduko lioke, haserre bizian. Bruno hasia da osaba apur bat gehiago estimatzen.

Otoitzaldiaren ostean, apaizak esan du: «Hautsa zara, eta hautsera itzuliko zara», eta bertaratutako guztiak Brunori so gelditu dira. Honek zer egin jakin ez.

Don Nicolasek ukalditxoa eman dio, eta begiekin portzelanazko potetxoa seinalatu. Errautsak trenbidera botatzeko ordua dela.

  Errautsak
trenbidera
botatzen hasi eta
13. lineako trena
heldu da bat-batean

Urduri, Bruno ontzia zabaltzen saiatu da, baina eskuak izerdi patsetan ditu, eta tapak irrist egiten dio behin eta berriz. Apaizak zakarki kendu dio potea esku artetik, eta plop! mutu batekin zabaldu. «Tira, amaitu dezagun behingoz», esan du ahapeka. Errautsak trenbidera botatzen hasi eta 13. lineako trena heldu da bat-batean. Metroaren haize ufadaren eraginez, errautsak estazio osoan barreiatu dira. Apaizaren sotanan bereziki. Beltza baino, gris kolorekoa dirudi orain.

Kopetilun, portzelanazko potetxoa itxi eta hitz erdirik esan gabe itzuli dira denak, estazioko eskaileran gora. Bruno segizioaren atzealdean doa orain, irribarretsu. Zera bururatu zaio, finean, Don Nicolasek arrazoi zuela, osaba Phillippe guztion baitan dagoela esan duenean. Apaizaren baitan behintzat bai.

Ion Orzaiz

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago