Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Zabuari boikot
yoseba_mugalari  
Kristna Fernandez  

Amaren begirada izutua gogoan zizelkatua daukazula, poltsa beltza ezartzen dizute buruan: Ingalaterrako heroiak terrorista madarikatuen bila, Belfast, United Kingdom. Arrastaka sartzen zaituzte furgonetan; eskuak gibelean bilurtuak, metalezko hormaren kontra hartzen duzu lehenengo kolpea. Lepotik atzera tiratzen zaituzte ukabilkada indartsu bat emateko. Bigarrena; laster utziko diozu kontatzeari. Soldadu ingeles puta-kume horiek ostiaka sartu dira metrailetekin destatuz. Armairu guztiak bota dituzte lurrera. Ama ikaratua, aitak ezin zuen ezer ulertu: Irlandatik lanera etorri, hainbeste urte euren morroi obediente eta zertarako?

Komisariara heltzean izerditan blai zaude; poltsako aire beroa baino ez duzu. Korridoreen artean zabiltzate eta ate bat danbaka ixten da. Lau edo bost gizon xuxurlatzen; belaunen atzean zartako bortitz batez lurrera botatzen zaituzte eta ostikoka hasten dira: buruan, bizkarrean, hankartean, buruan, buruan, hankartean. Ezin duzu hurrengo kolpea ikusi. Sentitu. Mindu. Gelditzen direnean txizak praka busti dizu; barre egiten dizute gogoz.

Aulkira altxatzen zaituzte eta Jim O'- Brian-en ezkutalekuaz galdetzen dizute. Jim: Maryren laguna, bere eredua. Ez dakizula erantzutean gorputza uzkurtzen duzu jipoiaren zain. Zure keinua izugarri dibertigarria egiten zaie. Poliki-poliki sorbaldak posizio normalera jaisten dituzu. Isilunea. Ukabilkada batek atzera botatzen zaitu, aulki eta guzti. Laguntza eskatzen duzu alferrik.

Plastikozko poltsa garden bat ipini eta estutu egiten dizute. Biriketan tope bat, airea amaitzen zaizu. Muskulu guztiak tenkatuz, aztalka eginez eskuak askatzen ahalegintzen zara. Oxigenoa erabat bukatu zaizu eta ahoa irekitzen duzu aire bila: ito, ito egiten zara. Plastikoa ahotik sartzen zaizu, sudurretik, poltsa arnastu nahi duzu eta birikiak lehertzeko zorian dauzkazu. Zorabiatu egiten zara... BELTZA... osabak zabu kuttunean bultzatzen naik. Nire urtebetetzea duk: bost urte. Euria barrabarra baina berak jarraitu ere. Horrekin eguraldi kaxkarra desagerraraztea lortzen dik: munduan zabua, bera eta hirurok baino ez gaudek. Ingeles putasemeek jarrita dela ziostak, ondo egin duten gauza bakarrenetarikoa dela. Eta beste guztiari... boikot!

Ur hotzak bota militarrez inguratuta esnatzen zaitu. Burua libre, oka egiten duzu arnasestuka. Ahul sentitzen zara; dardarka. Osabak bere autoaren irratitik zer edo zer entzuten dik: taxi bat eskatzen ari dituk. Irribarre zabal batekin, zabutik ez mugitzeko diost, berehala bueltatuko baita.

Aulkian berriro, ofizialak potroetatik heltzen dizu. Zentzumen guztiak erne, minak erabat iratzartzen zaitu. Garrasi egiten duzu; sufrimenduak ez dizu ia arnas hartzen uzten. Mary, zergatik ez zara agertu?. Gehiago sakatzen du, potroak kurrikekin hartuko balizkizu bezala. «Moztu nahi nuela asmatu al dik? Zer duen ez zidak esaten, baina erruduna ni naizela ziruditek: ekintzak, armak, diskurtsoak, borroka... epelegia nauk berarentzat... gorrotoak zoratu egin dik. Ordu erdiz egon nauk bere zain... eta etxera bueltatu naizenean zakurrak ostiaka sartu dituk nire atzean». Askatzen zaitu eta negarrez hasten zara. Mina taupaka potroetan.

Ofizialak, ea osabak bezala amaitu nahi duzun. Soldadu hasiberri bati Belfasten bi taxi konpainia daudela adierazten dio, katolikoa eta protestantea. Mendeku hartzeko, arerioen taxi bati deitu besterik ez da egin behar. Eta izkina batean... ta-ta-ta!

Lehenago zabu bat aipatu duzula diotsu barreka, zure nahiak betetzeko daudela. Biluztu eta, hanka eta besoetatik helduz, ahoz behera mantentzen zaituzte. Ofizialak porra ipurdi zuloan bermatzen dizu. Fabore bat egingo dizula, irlandar guztiak marikoiak zaretelako. Bortizki sakatzen du eta muskulu guztiak tenkatzen dituzu minagatik. Porrak barrenak urratzen dizkizu bultzaka... BELTZA... taxia irekia, osaba bolantearen gainean odoletan, buruan hiru zulo beltz. Zure min garrasiak indar handiagoa ematen diote; biriketara helduko zaizu.

yoseba_mugalari1

Ezin zara kexatu: zuri porra sartu dizute, niri zakilak. Zakil bat eta gero beste guztiak erreskadan. Bortxatu egin ninduten, Pat. Bortxatu ninduten buruko poltsa barik, zenbat geratzen ziren ikus nezan, euren aurpegiak ikusteko. It's time for love, Mary, ziostaten. Bizitza iraungi zitzaidan barruan; mendekuak besterik ez du nire ohorea bueltatuko eta mendeku hori zuri dagokizu. Ez al duzu, ba, odolik zainetan?.

Soldadu hasiberriarekin uzten zaituzte. Odola aurpegitik garbitzen saiatzen da bere zapiaz. Sorgortuta zaude; ez duzu negar egiteko indarrik ere. Komando-burua non ezkutatzen den baino ez dutela jakin nahi diotsu zintzo. Jimek abandonaturik utzi gaitik; eusteak ez dik merezi. Esango zioat. Informazio pixka bat eta etxera. Etxea: aita bazkal ondoren erretzen, ama elizatik bueltan, osaba irribarretsu... osaba: hileta Limerick-en, banderak, aldarriak, hilerrian belarra nonahi, euria. Txistua aurpegira botatzen ahalegintzen zara, odola jaurtitzen diozu, baina. Jo egiten zaitu: ahoan, begietan, sudurrean... BELTZA... Gaua, ilargi gabekoa. Suminduta bezain ikaratua nagok. Zailena gasolina lortzea izan duk, Belfasteko zortzi urteko haurrek molotovak egiten bazekiagu-eta. Ondo zipriztindu, pospoloa piztu eta, korrika ihes egin aurretik, lortutakoari begirada luze bat botatzen zioat: parke hutsean, zabua kulunkan ari duk. Sutan.

 

 
Pat O'Connell in memoriam (Limerick
1960 - Belfast 1983)
 
Izen Yoseba

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago