Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
   

Donostia,etxerako bidean.

Hamahiru ditu bi milak eta hamar lehen hilak.

Zuri:

Gaur osteguna da; zure eguna. Zuretzat jasota izaten dut, beti, asteko egun hau, eta orain ez zaudela ere, gauza bera egiten jarraitzen dut. .. Zureak ziren, zureak dira.

Itzalik gabeko arratsaldea da gaur: iluna. Hotz egiten du eta euriak distiraz blaitzen ditu bazterrak.

Etxerantz noa; trenez. Leihotik barrena begira nago, eta nire isla besterik ez dut ikusten. Ni neu. Orduan, eskuak elkar ukitu ditut, "hartan" egin genuen bezala: erneki-emeki elkar laztanduz ... Begiak itxi ditut. Treneko hotsek eta bihotz taupadek bat egin dute eta bat-batean, zure usaina aditu dut; bakea sentitu dut barru-barruan ... Hasperen batek zabaldu dizkit begiak, eta malkoa isuri zait masailetik behera ...

Trena geratu egin da. Geltoki batean gaude. Ez da inorr igo.

Martxan jarri da berriz; bagoaz ...

Eskuak elkar laztandu ditut, berriz, zurekin ego n nahi dut... Osteguna da.

Ez dizut aitortu nahi zenbatetan hartu dudan telefonoa eskuan, zuri deitzeko. Hala ere, zu ezin ikusi horrexekjaten dit barrena! Aitortzen dut.

Eta hori gertatzen denean: orduan, nire eskuek elkar ukitzen dute, "hartan" egin genuen bezala: erneki-emeki elkar laztanduz ... Begiak ixten ditut.

Inguruko hotsek eta bihotz taupadek bat egin dute eta bat-batean, zure usaina aditzen dut; bakea sentitzen dut barru-barruan.

Hasperen batek zabaltzen dizkit begiak, eta malkoa isurtzen zait masailetik behera ...

Zure eskua. Nire eskua.

Zure eskutik hasi nuen bizitza. Geure eskuak ukituaz amaitu genuen zurea.

Trena geratu da. Iritsi naiz herrira.

Datorren astera arte, amona!

Miren Usandizaga

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago