Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
XXI.mendeko soldadutza

 Proposamena

luma6    
   

Adindun jakintsuek ordea, kontatu izan didate, anitz aldiz, armadan zibilek egiten zuten zerbitzu militar behartuaren inguruan hainbat bizipen. Gaztea naiz orain eta are gazteagoa nintzen soldaduskaren amaiera dekretatu zenean.

Orain, XXI. mendeko hastapenean, Euskal Herriko gizonezko gazteentzat ezinbesteko deritzodan soldaduska berria aldarrikatu gura nuke, eta proposamen bat plazaratu. Soldaduskaren berpiz- kundea; bai, hori da! Aldaketa batzuk eginez, baina soldaduska azken finean.

Ilea moztu eta uniformea soinean. Horren trukean, ilea zapi baten laguntzaz jaso eta eguneroko uniformea jantzi: etxeko-zapatilak, mantala (lorez hornitua eta ahalik eta koloretsuen), latex eskularruak, eta gainontzekoa zuen esku. Nahikoa duzue guzti horrekin; beraz, petatean ezer gutxi eraman beharko duzue: pare bat galtzontzilo garbi, hatzapar lodian zulorik gabeko galtzerdiak, prakak eta alkandora batekin ... soberan.

Ikusmen arazoak badituzu ez pentsa inutil izendatua izango zarenik; ezta gutxiagorik ere! Herren bazabiltza ere, egon zaitez lasai, ez duzu eragozpenik izango eginbeharrak burutzeko. Lodi, lodiegi zaudela? Ados, bikain! Komeni ere komeniko zaizu soldaduskan sartzea orduan! Argi geratu da beraz: XXI. mendeko soldadutzan inutilik ez dago; denak zarete baliozkoak. Gauzak horrela, has zaitezkete beste aitzakia bat asmatzen inutilen afarien oinordeko gisa.

18 urte bete, eta beti egin izan den bezala: zozketa garaia. Oraingoan ez zarete Melilla puntara joango; lan handia baitago egiteko gure inguruan. Urtebete emango duzue zuen herriko- edo ondoko herriko- etxe batean zerbitzu militarrean (barkatu, oraingoan: neskame militar lanetan). Armak etxeko ejertzitoak aukeratuko ditu, beti egin izan den legez: lanbasa, erratza, irabiagailua ...

Dena prest? Zuen egunerokotasuna izango denaren berri izango duzue hemendik aurrera. Bandera igo, (eguna hasteko beste modurik ez dago) hau da, pertsianak altxatu etxeko kideak esnatzear daudenean, eta berriro ere jaitsi lotarako ordua ailegatzean.

Erregimen militarra? Oso antzekoa: goizeko 5etan zutik eta etxekoei gosaria prestatzera! Arauak bete beharko dituzu jakina; baina ariketa fisikoak ere ez du huts egingo XXI. mendeko soldadutza honetan. Urrutiko supermerkatura joan beharko zarete erosketak egitera, kilometro batera dagoenera gutxienez. Eta ahaztu aurretik, poltsak banan-banan eraman beharko dira etxera, hamar joan-etorri eman behar badituzue ere. Fisikoki eta mentalki indartsu egon behar zarete, bestela zer?

Ezaguna da aspaldian soldaduskan bazkaltzen zena; “comer el rancho”deritzoten horri. Ez, ez ez; horrelakorik orain ez. Familiako bakoitzaren dastamen lehentasun eta gustuen arabera antolatu beharko dituzu otorduak; baliteke aita dietan egotea, amak lekak gorrotatzea edota seme-alabek arrainik nahi ez izatea. Kontuan hartzekoa guzti hori!

Permiso egunik ote duzuen pentsatzen ari zarela badakit ... Bai gizon; izango duzue hilean behin (hilekoa bezala bai, baina atseginagoa) askatasun asteburu bat etxera bueltatzeko.

Zigorrak ere jasan beharko dituzue egitekoak bete ezean, noski. Espetxerik ez dago orain; baina baliteke oraindik okerragoa izatea: ganbara. Ganbara garbitu eta hantxe biziraun.

P.D: Zaintzaile, guardia gauak ere egin beharko dituzue; kasu honetan etxeko ume txikia gaixo dagoenean hura zaintzen geratu. Negar egiten duenean kontsolatu, sukarra badu botika eman, lo egin ezinik egotekotan ipuinak kontatu .... Zuk ikusi!

Zer? Gustatu al zaizu XXI. mendeko soldaduska? Zuen zerbitzu militarra desagerrarazi zuten duela urte anitz, baina neskame zerbitzu militar honek bizirik dirau oraindik ere, eta ez da urtebeteko soldadutza ez, bizitza osoa harrapatzen duena baizik. Eta orain, imajina ezazu hori berori baina zortzi orduko lanpostu batekin batera!

Haizea Galarraga

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago