Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

 

argia13    

Filosofiako ikasketak egiten ari nintzela konturatu nintzen zein inportantea zen, edozein arlo aztertzeko, egoerak arrazionalizatzea. Gizakiak, mundua menperatu eta bere onerako ustiatzeko, behar-beharrezkoa izan zuen, jakintza mitikoa utziaz, ikuspuntu berri hau erabiltzea: egoerak barnean nolakoak diren aztertu, harreman eta egiturak azalarazi, eta funtzioak eta helburuak argitu.

Euklidesen geometria izan omen zen arrazionalki antolatutako lehen gaia, orain 2.300 urte. Halere, XVI. mendetik aurrera, zientzia gehienak eratu zirenean, izugarrizko garapena izan zuten, eta XX. mendeko azken urteetan, gizarte aurreratuenetan, denok sinistu izan dugu, eraginkortasunaren izenean, edozein eremu plangintzan eta metodologia zehatzetan oinarritu behar dela.

    Kapitalismoak garatu duen merkatu-ekonomiatzar hau plangintzarik gabeko eremua da. Produkzioak ez du zerikusirik gizartearen beharrekin, banaketak, are gutxiago

Gu ere, azkenaldian, halako uholde plangintzazaleak irentsi gaitu, bai enpresa munduan, bai instituzioetan, bai gizartean. Eta hurbiletik ikusi izan ditut euskararen normalkuntza planak, lantegi eta ikastetxeetako kalitate planak, plangintza familiarrak, kultura, elkarbizitza sustatzekoak, etorkinak hartzeko planak. Hasi norbanakotik eta, mailaz maila, Nazio Batuen Erakunderaino, plan estrategikoak, legislatura planak, garapen planak, edo urteko edo biurteko planak egiten ari gara.

Baina bada arlo bat, non plangintzaren beharra erabat gaizki ikusia dagoen. Ekonomia da. Kapitalismoak garatu duen merkatu-ekonomiatzar hau plangintzarik gabeko eremua da. Produkzioak ez du zerikusirik gizartearen beharrekin, banaketak, are gutxiago; finantza mundua diru hutsalez gora eta behera dabil, eta aberastasuna pilatu daiteke, neurri gabe, ahal izanez gero.

Baina horrek beste aldea dakar: hiritar behartsu eta justukoen talde izugarria, kontsumoan eta ordu extretan harrapatutako langile talde zabala, langabezia kronikoa, enpresari eta konstruktoreetan oinarritutako gizarte desarrollista, espekulatzaileen joko zikinak, eta lantzean behin, sistemaren geldiunea –krisia– eta berrantolaketa.

Kapitalismoa, berriz ere, berreraiki nahian ari dira, batzuen zorrak denon artean ordainduaz, itxuraldatu eta hurrengo krisira arte iraun dezan. Zergatik ez ekonomia planifikatu, beste arlo guztiak bezala? Produkzioa, banaketa eta kontsumoa hiritarren beharren arabera antolatzea da arrazionalena. Eta, niretzat, gehiengoari komeni zaiguna. Baina, inork ez du hau aipatu ere egiten.

Iñaki Odriozola

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago