Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
 Irratian magia
luma13    

Zita itsu batean bezala zaudete. Ez duzu laguna ezagutzen, baina inoiz ez duzu hutsik egiten, eta beti agertzen zara hitzordura. Ez duzu  ezagutzen, bistaz; itsua baita, baitzarete. Baina  itsu egoteak ez du esan nahi begirik ez duenik,  ez du esan nahi ikusteko gai ez denik, begiekin  soilik ez baita ikusten eta sudurraren ekialde  zein mendebaldera daudenak ez baitira begi  bakarrak: baditugu sakonagoak diren zuloak,  hondorik gabeko putzuak, barrukoak. Eta barruko begiekin ikusten zaitu zu, eta zuk bera,  nahita edo nahigabe, edo halabeharrez bestela,  bere aurrean biluzten zarenean. 

 Airean zaudete, hegan, unearen magiak eraginda. Zer da ba hori magia ez bada? Edo zer  da ba magia hori ez bada? Zuen artean distantziarik ez balego elkar besarkaturik egongo zinatekete, airean. Zirrara eragin dizu bere ahotsak, ukitu izan bazintu bezala. Irri nimiño bat  marraztu dute bere ezpainek zure presentzia  somatzean. Tximeleta aztoratuak pixkanaka baretzen joango dira, erraietan zintzilikatu, lotarako prestatzen diren xagu-zaharrak bezala.  Orain, zuen ahotsen sartu-irtenak lasaigarri zaizkizue, biei. Eta batak bestearen irudia osatzen  duzue gogoan. Eta ziur zaude horrelakoa dela,  ziur dago horrelakoa zarela; ezin du bestela  izan.

Bakarrik zaudete? Bai, baina ez. Begi gehiago daude zuek ikusi gabe, baina zuei begira. Zu  jabetu gabe zure sekretuak sekretu izateari utzi  diote. Gogoratu, airean zaude.

Bafada batek desoreka ekarri du zuen hegalaldira. Kulunka egin duzu, duzue haizean. Interferentzia. Orduan ohartu zara denbora ez dela gelditu, badoala. Agurtu egin zarete, hurrengo hitzordura arte. Badakizu: betiko orduan,  betiko frekuentzian, edo interneten. Irratia itzali duzu.

Leire Zubeldia

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago