Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

 

luma_8_9  
   

Goizeko7:00ak puntuan. Aurtengo neguko edozein  lanegun. Markesinan  dozena bat lagun bildu gara  (4807 geltokian-Itsasaurre/Portua-Ondarroa). Oraindik gaua beltza da, eta hotz egiten du. 

Badator autobusa. Portu sarrerako errotondan bira  egin, eta heldu da geltokira. Zazpiak  eta bost. Txoferrak autobuseko atea ireki duenean, egunona eman  eta sartu egin naiz. Creditrans txarteltxoa  sarreran  dagoen makinan sartu, eta bosta sakatu dut, hori baita Bilbora joateko sakatu beharrekoa. Ohiko tarratada entzun dut, eta makinak txartela itzuli dit bidaiak  balio duena deskontatu ostean.

Abiatu naiz autobusean barrurantz, eta txoferraren  atzealdeko ilaran laugarren jarlekuan, leiho ondoan  jarri naiz.

Tarratadek jarraitu dute geltokian batu garen guztiok barrura sartu garen arte. Halako batean autobusak irten du Bilborantz: zazpiak eta hamar. Nire abentura hastear dago.

Gaurkoan zertan eman dezaket goiz-tarte hau? Ipuin bat asmatzeari ekitea, agian, ez da aukera txarra. Musu-truk emango dudan asti honi etekinen bat aterako diot behintzat

Bazen behin barrerik egiten ez zekien bost urteko neska..
(4803-Astilleru-Ondarroa): hamar bat lagun igo dira. Tarratadak eta jarraitu dugu.

Teresa zuen izena eta Madrilen bizi zen.
(4805-Kaminazpi 22-Ondarroa): zazpi lagun sartu eta  bagoaz.

Teresak lagun asko zituen eta gustuko zuen haiekin olgetan ibiltzea.
(4804-Errenteria-Ondarroa): Gizonezko bat irten eta abiatu gara.

Behin postariak gutun bat ekarri zuen etxera.
(3623-Gardotza-Berriatua): Suertea izan dugu: inor  ez da irten, geltokian ere ez zegoen inor, beraz, aurrera egin dugu.

-  Norena ote da?-galdetu zuen aitak.
(3632 Bekokale-Berriatua): Lau andrazko eta bi neska sartu dira.

-  Begira igorlea: Izeba Mirenek idatzi digu.
(3624- Erribera 41-Berriatua): Berriro suertea.

Gutuna irakurri zuten eta oso pozik jarri ziren.
(4543-Egi-Markina-Xemein): Neska bat igo da.

Izeba Mirenek uda pasatzera gonbidatu zituen  Ondarroara.
(4545-Azpiltza-Markina-Xemein): Koadrila ederra  sartu da. Ezin izan ditut denak kontatu erdi lo nengoen eta. Tarratada mordoa!

-  Asko gustatuko zaizu Teresa- esan zioten gurasoek.
(4549-Iruzubieta-Markina-Xemein): Hemen lau neska mutil.

Teresa pozik jarri zen, baina inork ez zuen igarri.
(5551-Iturritxo-Markina-Xemein): Eskerrak! Ez da gelditu.

Izan ere, Teresa triste edo pozik egon, ez zen igarri  ere egiten.
(4555-Zubibarri-Markina-Xemein): Sasoiko bi andre igo dira.

Aurpegiera ez zuen aldatzen.
(4516-Trabakua-Mallabia): Inor ez geltokian.

Ilusioz beterik presatu zuten bidaia.
(4529-Apoita-Mallabia): Lau lagun igo.

Uztailaren 31an heldu ziren Ondarroara, San  Iñaxio egunean.
(4517-Zengotita-Mallabia): Inor ez.Gelditu gabe  aurrera egin du.

-  Goazen hondartzara- esan zuen izeba  Mirenek.
(3642-Vera Cruz komentua-Berriz): Demaseko koadrila sartu da! Tarratada zaparrada.

– Hondartzara? Hori zer da?- galdetu zuen  Teresak.
(3643-Parrokia-Berriz): Hiru lagun igo dira.

Teresak ez zuen hondartzarik inoiz ikusi, ezta  itsasorik ere.
(3644-Iturritza-berriz): Lagun bakarra igo eta atzealdetik bateren batzuk irten dira.

Heldu zirenean Arrigorriko hondartzara, Teresa  aho bete hortz geratu zen.
(3120-Zubibitarte-Jata-Abadiño): Bost mutil igo dira.

- Erantzi oinetakoak Teresa, eta etorri hondar  artera- deiadar egin zion amak.
(3827-Madalena Plaza-Durango): Jende piloa geltokian!! Ez dakit zenbat denbora eman dugun igo eta  jaitsi diren arte guztiak... Oraingoan tarratada sinfonia luzea.

Oin ortozik, bere bizitzan lehenengo aldiz, hondarra zapaldu zuen  eskumako oinarekin...
(3950-Ospitalea-Galdakao): Hiru igo eta lau lagun  jaitsi.

Oin azpian sumatu zituen kili-kiliek hotzikarazko  tximista bat bidali zioten belarrietaraino...!
(0626-Zabalburu-Bilbo): Autobuskada erdia jaitsi  da. Ia heldu naiz...

Bere ezpaintxoak alboetarantz ireki eta, hara  non hasten den barrezka gure neskatoa!!!
(0624-La Casilla-Bilbo): Hiru-lau lagun irten.

Ordutik aurrera, uda guztiak Ondarroan ematen  ditu Teresak, barre-algara, irribarre eta irriño  artean.
(1058-Termibus-Bilbo): Amaitu dut ipuina idazten.  Luze samarra atera zait, eta ni bidaia egiten bezala zuek ipuina irakurtzen asper ez zaitezten, laburpentxo bat baino ez dizuet hemen txertatu.

Heldu gara. Bederatziak eta hogei. Autobusean  geratzen ginenok irten gara, bakoitza gure lanerantz, fakultaterantz, zereginetarantz.

62 kilometro egiteko 2 ordu eta 10 minutu. Kotxez, ibilbide bera 55-60 minututan.

Ipuina asmatzeko astia eman dit, zelan ez ba! Testamentua ere egin daiteke tarte horretan, edota enpresako BEZ-aren hiruhilekoko kitapena eta galdu-irabaziena, edo errenta aitorpena,...

Abiadura Handiko Trenaren, metro, tranbia eta  Concordearen garaian; patinetean joatea baino merkeago irteten den hegazkin-bidaien  garaian, 62 kilometro egiteko bi ordu eta hamar minutu.

Egunero joan behar duzula ikastera Bilbora? Lana dela eta, egunero Bilbon lehenengo ordurako  egon behar duzula? Mediku kontsultaren bat duzula? Edo, dena delakoa, baina Ondarroatik Bilbora joan behar duzula? Bada, sartu zaitez“Denboraren tunel”ean, nahitaezko denbora-erregresiora  eroan ezazu zeure burua, eta onar ezazu egoera:  Ondarroatik Bilbora joan etorria egiteko, eman itzazu eguneroko zeure denboratik lau ordu eta hogei  minutu. Eta ixo, hirugarren munduan gaizkiago  daude eta...!

M. Ione Solabarrieta Badiola

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago