Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Udaberri udazkendua Europaren bihotzean
luma5  

Student Agencyautobus horian iritsi gara BudaPestera, Europaren bihotzera. Sargori dago.

Izerditan jaitsi naiz maiatzeko ostiral arratsalde batez BudaPestera lagun aleman batekin.  Jaieguna da Txekiar Errepublikan bigarren mundu gerraren bukaeraren edota askapenaren egunaren karietara. Eta nik Txekiatik ihes egin dut  Magyar lurraldera.

Udaberriko egun eguzkitsuak ongi berotzen  du, eta BudaPest hiriko autobus-geltokia ezagutu dut.

“Excuse me, how do I get the center?” hungarieraz jakin ez eta esperantotzat daukagun  ingelesez galdegin dut zentro aldera nola joaten den. Bertan eurorik ez eta florina behar! Beraz, kreditu-txartela atera eta diru poxi bat atera dut geltokian.

Bost mila florin. 250 florinetan dago euro bat.  Dirua behar gauza guztietarako, eta erdigunera  joan behar dugu han harturik baitugu ostatu.  Metroa hartu dugu Ference Ter geltokiraino, eta  ostatutik gertu Goulash goxo bat afaldu dugu.

Beroaren beroaz ni izerditan eta hiriko zuhaitzadarretatik malutatxo zuriak erortzen dira, karrika grisak orbel zuriz beztituz. Malutatxoak  negar-tanten gisa erortzen dira goitik behera  leunki, eta neguko nire negarrak idortzen dituzte malutatxoek.

Lagun alemana eta biok lagun txekiar batzuekin elkartu gara. Goulasha eta garagardo magyarra hartu ondoren, txekiar lagunekin txekieraz-edo aritu naiz. Gehienetan isil, neure txekiera eskasa  baita. Nekaturik oheratu gara biharamunean BudaPest egunez deskubritzeko gogo biziz.

Goizean goiz jaiki ondoren, larunbatez gosaldu eta Hungariako Parlamentura joan gara: ikaragarri ikusgarria! Europako handiena omen  da, ondoren Londresekoa baitago.

Egun sargoritsua.

Eguzki beroak lagundu gaitu BudaPesteko karriketan barna, eta eguerdiondoan saltxitxak jan  ditugu. Eguzki beroa negarrez ari da. Malko zuri leunak jaulki ditu lurrera zuhaitz-adarretatik, eta irribarre triste bat egin dut. Irribarre egin  dut hala ere, eta arratsaldean bainu-etxera joan  gara. BudaPestera etorriz gero bertako bainu-etxe ikusgarriaz gozatu beharra dago.

Uretan ibili eta afaldu ondoren, leher eginik  ostatuan sartu gara.

Igande sargoritsua.

Europako sinagogarik handiena bisitatu dugu: merezi du kutsu katolikoz hornituriko tenplua ikusteak. Barrura pozik sartu gara kanpoko egun sargoritsutik iheska. Bertan, Jenö  Restö idazlearen (1905-1943) idazmakina ikusi dut. Hungarieraz jakin gabe, irudikatu dut  zeri buruz idatzi izango zuen, edo nik nola  idatziko nukeen bere idazmakinarekin. Holokaustoa gogoan.

Holokaustotik MEMENTO PARKera, parke  gorrira, sobietarren garaia oroitarazten duen museo-parkera. Auto gorria hartu eta bost pertsona itzuli gara Kunderaren sorlekurantz, Txekiako Brno hirirantz.

Europako bihotzaren taupadak hainbat hizkuntzatan mintzo dira, eta Kunderaren sorlekura iristeko, aurretik Bratislava hiria, Eslovakiako hiriburua igaro behar dugu.

Ez dugu geldialdirik egin, ordea, eta berehala  iritsi gara izatearen arintasun jasanezina sentitzera. Ordu aunitz gurpil gainean eta gogotsu  etxean sartzeko.
 
Aitortu beharra dut ez dudala oraindik Kunderaren libururik irakurri, eta lotsa ematen dit aitortzeak, baina zintzotasunez ari natzaizu artikulu xume honetan. Irakurri nahi dut, ordea,  neure izatearen arintasun jasanezina pixka bat  gehiago ulertzen lagun diezadan. Milan Kunderaren txekierazko eleberri hori, nesnesitelná lehkost bytí, duela bospasei urte argitaratu zuten  Txekian, eta orain euskaraz ere irakurtzeko aukera daukat.

Izatearen arintasuna jasanezin zitzaiolako bere sorterrian, ihesi joan zen Parisera noizbait.  Geroztik, han bizi da, eta ez du ezer jakin nahi  bere sorterriaz, ezta hizkuntzaz ere. Geroztik,  txekiera utzi, eta frantsesez idazten hasi zen, eta  ez omen du edozein txekiarren eskuetan uzten  bere liburuen txekierazko itzulpena. Gainera, ez  du gehiago bere ama-hizkuntzan idatzi nahi izan,  eta horregatik guztiagatik txekiarrek ez dute  gehiegi maite; baina hain arina izan ote da bere  idazle-erabaki hori? Hain arina ote gure izatea  gure ama-hizkuntzaren ordez beste bat aukeratzen dugunean?
    luma6

Zein hizkuntzatan literatura egin aukeratzea  ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, gero! Hausnarketa sakona eskatzen du, eta hizkuntza bat  edo bestea aukeratzen dugunean, irakurle jakin  bat aukeratzen dugu eta beste norbait baztertu.  Norbait izatea ez baita arinkeria bat. Idazle izateak bizitzari buruz hausnartzea esan nahi du,  eta askotan ez da aringarria; beti jasanezina zaio  egunero bizi behar duen izateari idazle izatea.

Brnotik Pragara joango gara, literaturak eta letren errepublikak emandako bidai-txartelarekin.  Bigarren mundu gerraren aurretik, XX.mendearen lehen urteetan Pragan bi hizkuntza hitz egiten ziren karrikan. Gehiengoaren eta herri xehearen hizkuntza txekiera zen, eta burges aberats  gutxiengoarena alemana. Esan dezagun alemana zela prestigiodun hizkuntza, eta Kafka idazle atormentatu ezagunaren ama-hizkuntza alemana zen. Alemanez idatzi zuen eta mundu guztian da ezaguna haren lana. Jan Neruda ere pragatarra zen, baina txekieraz idatzi zuen. Bere  ipuinak ez dira hain ezagunak eta bera ez da oso  ezaguna. Ez da hain arina gure izatea, gure ama-hizkuntza beste baten ordez aukeratzea idazteko, ez da aringarria aukera bat hartzea bestearen ordez, eta Xabier Letek behin idatzi zuen bezala, aukeratzearen askatasun lotzaile hori gogorra izango da idazlearentzat, edonola ere: Ai poeta, poeta, gogorra izango da  zuretzat askatasunaren eguna!

Gurean ere, Euskal Herrian, munduan egonik,  hiru hizkuntza daude, eta  euskaraz bakarrik idaztearen hautua eginez gero,  beste aukeren pisuaren katea darama idazleak arrastaka arrakastaren bila. Berdin euskara ez den beste  hizkuntza hori hautatuz  gero.

Ainara Maia Urroz

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago