Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
 Eraldaketa datorrela!
argia13    
pdf    

Krisiaren lehen oihartzunak entzun genituenean, orain pare bat urte, Marx irakurtzera jo genuen askok, aspaldian, etxeko liburutegiko hirugarren apalean, ahazturik baikeneukan. Azken urteak “bigunak” izan dira Europako alde honetan, eta ezkertiarrak ginenak –garenak– ere, adin batetik aurrera, erdiak funtzionario eginda, edo bikoteetako biak lanean egonda, ordu-estren menpeko langileria apoltronatua –nagia tartean– bihurtu gara.

Berrogeita bost urteetara helduak, jada helduak, Jacan edo Zarautzen apartamentua erosita genuen, ordurako erdi ordainduta, eta gure kapitalismoari buruzko kritika ahulduta zegoen. Etsipen gazi-gozoan murgildurik geunden, esanaz: “Ez dakigu zer egin”, “0,7a txinitoei emango diegu”, “ingurugiroa zaindu behar da”, “immigranteak gureganatu behar ditugu”, eta kito. Ezer gutxi egiteko gai izan gara, benetako aldaketaren-eraldaketaren alde. Izan ere, Luis Buñuelen filmaren izenburua gogoan, burgesiaren –txiki-txikia, baina burgesia– ezkutuko xarma hori beti izan baita hain liluragarri! 

Munduko beste tokietan egiten ziren saiakera iraultzaileen nostalgia sentitzen genuen, baina hemen ezin zirela egin pentsatzen, esaten. Eta derrepente, hara non, guztiok animatu gara, berriz ere. Berreskuratu ditugu ajatuak genituen sozialismoaren kontzeptuak, eta eman diegu barniz pixka bat: zerbitzu publikoak indartu, bankuak nazionalizatu, sektore estrategikoak gizarteratu, alokairu sozialak bultzatu, gizarte soldata eta kontratu duinak eskuratu, benetako ongizate estatua lortu. Ez dago batere gaizki.

Horregatik, azken aldian, berriketa ugari egiten ari gara, ezegonkortasuna lasaitzeko edo, bai ERE delakoek uzten dizkiguten ordu libreak betetze aldera, bai iganderoko mendi-bueltan, bai soziedadeetako –lehen restaurantean egiten genituen– afarietan. Eztabaida interesgarriak, aberatsak erdiesten ditugu, noizbait grinak ere pizten dizkigutenak. Eta konponduko dugu mundua berriz ere, gure aulkitxoetatik altxatu gabe. 

Bitartean, beste batzuek, hainbat neurri eraginkor hartu dituzte dagoeneko, eta hainbat “guru” martxan jarri –baietz, Saratxaga?–, kapitalismoa eraberritu eta garatzeko. Inbertsio handiak egiten ari dira, humanismoz mozorrotuta, produkzioak handitu, behar berriak asmatu, engainu erakargarriak sortu, eta irizpide sozialak ere merkatuaren logikan barneratzen.

Ziur nago apustua irabaziko digutela, oraingoan ere. Ala, ez?

Iñaki Odriozola

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago