Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

 

Ospitalea, gizartearen behatokia
ig1    

Nire lanbidea dela medio, eta ohiko jardunaldiak dirauen bitartean, mugitu behar izaten dut ospitaletik. Eta ibilaldi horien zehar, begiak irekiak eta belarriak adi-adi izaten ditut, izan ere, ospitalea jendez eta mugimenduz beteriko eremua da. Askotan, behatoki batean arituko banintz bezala egoten naiz.

Bai, hala da, ospitalean etengabeko mugimendua sumatzen da beti, goizez gehien bat: jendea etengabeko joan-etorrian. Bertan denetarik ikusteko beta izaten dugu: aulki gurpildun batean doan gaixoa adineko emakume batek lagunduta, negarrez dagoen familia bat, Zainketa Aringarrietako Unitatearen irekiaren zain dauden pertsonak, ohean sartuta frogak egitera bidaiatzen duten gaixoa, haurdun dagoen emakumea, aitaren estutik helduta doan umea, etorkin bat, eta kolore desberdinekin jantzita doan jendea: zuriz, arrosaz, grisez, urdinez, berdez...

Mota desberdinetako jendea, mota desberdinetako uniformeak eta mota desberdinetako beharrak: ospitalera datorren jendeak osasunarekin lotutako beharrak izan baitu; batzuk arinak, eta beste batzuk larriak. Izan ere, ospitalera mediku-kontsulta batera etor zaitezke gero etxera bueltatzeko ala bertan gelditu zure osasun-arazoa aztertu eta diagnostikatu bitartean.

Eta bururatzen zait ospitalea pieza desberdinez osaturiko mikrokosmos bat dela, mundu berezi bat: bizitza eta heriotzarekin zerikusia duten prozesuak bere baitan hartzen dituena; batzuetan, epealdi baterako bizi-toki bilakatzen dena, eta edonola ere, bizi garen gizartearen ispilua dena. Baita gure gizarte garatuan lortutako bizimoduaren erakusle ere.

Gizarteari so

  ig2
  Argazkia: Digital cat.

Mikrokosmos horretan, eta ospitaleratutakoen artean, adineko jendea ikusten dut gehien bat. Hori da aurrean dugun errealitate bat: ospitalean adineko jende asko dago, gure gizarte zaharkituaren isla. Eta horrek, berriki irakurri dudan datu demografiko batera, eraman du nire lehen pentsamendua “Europan, zazpi urte barru, heriotza baino jaiotza gehiago izanen dira”. Eta hori jakinda, bigarren pentsamendu bat bururatu zait, alegia, horren aurrean zer egiten ari al gara gu, gizarte, botere publiko ezein profesional kideok? Preparaturik al gaude egoera horri aurre egiteko?

Izan ere, sentsazioa dut, behin baino gehiagotan gainera, osasun sistemaren iraunkortasuna adineko populazioaren esku dagoela, beste era batera esanda, horiek direla osasun-sistemaren iraunkortasunaren erantzule... Eta maiz honelako mezuak entzuten ditut: horiek eragiten duten gastua jasanezina dela, tartean botiken kostuak eta ospitaleratutako gastuak, mendekotasunak eragiten duten gastua eramanezina dela eta abar. Eta ez zait batere justua iruditzen.

Alta, gizarte aurreratu batean bizi garen heinean, planifikatzeko gaitasuna dugu eta hori baliatu egin beharko genuke esparru guztietan, baita osasun-sisteman ere. Lan egitea, alegia, egun eta aurrean dugun etorkizunari begiratuz, ausartak izaten eta inertziaren aurkako aukera berriak proposatuz. Horretarako, errealitateari so egitea besterik ez dago, baina behaketa nahikoa ez bada ere, baditugu beste hainbat lantresna objektiboagok ere; hori baitu gizartearen informazioak, informazioa soberan daukagula, eta, aldi beran, eskuratzeko moduan gaudela behintzat. Horien tartean, ospitalean ematen diren egonaldien estatistikak, gaixotasun taldeak, adin-taldeak eta abar barne daudelarik. Bestetik ere, ez gaude esku hutsik, mundu mailan eta gurean ere baitakigu gaur egun populazioari eragiten dioten gaitzak zeintzuk diren; zer joera hartuko duten eta, aurrerakuntza teknologikoak direla medio badakigu, jakin ere, hainbat eta hainbat gaixotasun kronifikatu egingo direla. 

Eta horrekin lotuta, beste datu bat azpimarratu nahiko nuke: gaur egungo populazioaren %17ak 65 urte baino gehiago ditu. Horietatik askok patologia bat baino gehiago izaten dute eta, batez beste, hiru botika baino gehiago hartzen dute. Adin hori eta gehiago dutenen miloi erdiko pertsonak adinekoentzako zentroetan daude instituzionalizaturik, hauengan patologia eta konplikazio gehiago ematen direlarik. Hau oso datu esanguratsua da, kontuan hartzekoa ene ustez; izan ere, epidemia garaietan, populazio honek patologien hazkundea pairatzen du eta arreta gehiago behar izaten du, askotan, konplikazioak direla medio, ospitaletara bideratzen dituztelarik.

Ondorioz, behar bezalako asistentzia eman ahal izateko eta behar bezalako baliabideak martxan jartzeko, jakin beharrekoak badakizkigu, eta hori baliatu dezakegu, esaterako Larrialdietan kolapsoak ekiditeko. Nahikoa izango litzateke pazienteak deribatzeko bideak sortzea, beharrezkoak ez diren ospitaleratzeak ekidin ahal izateko.

Ongizate-sistema eta Asistentzia-mailak

Honen bestez, baiezta dezakegu egungo egoerari tenperatura hartzeko adina datu badugula, joerak eta norabideak ezagutzen ditugula eta ohartzen garela kudeaketa egoki baten beharraz. Batez ere, kontuan izanda emaitza onenak lortu ahal izateko, egun gizarteak dituen baliabideak, era “holistiko” batez kudeatu eta integratu beharra dagoela. Eta honetan, osasungintzaren asistentzia-mailen eta ongizate sistemen arteko koordinazioa bultzatzea ezinbestekoa bilakatzen da, gehien bat, adinekoen beharren kudeaketaz hitz egiterakoan. 

Eta honen harira, baliabideen mapa kontuan izanda eta ongizatearen gizarteak antolatua dagoen arabera, batzuk osasun-sisteman garatuak daude, asistentzia-mailak desberdinak direlarik; hauek hain zuzen: Lehen Mailako Arreta. Arreta Espezializatua. Ospitaleak: akutuenak zein egonaldi ertainekoak.

Bestetik, zerbitzu sozialek osatzen duten sistema ere badugu, hainbat baliabideekin eta hor ere nahiko datu izango dute jakiteko zer-nolako populazioa artatzen duten eta zer behar mota duten. Eta hain zuzen, populazio horren zati bat zahar egoitzetan daude. 

Halaber, azken urteotan askotxo hitz egiten ari da baliabide sozio-sanitarioaz, honek zubi baten antzera, bi sistemen elkargune potentziala izan zitekeelarik. Hortik abiatu beharko ginateke.

Eta horretarako, adinekoen arloan, profilak definitu egin beharko genituzke, gero asistentzia-mailan non kokatuko genuke jakiteko. Adibide bezala:

ig3
Argazkia: Javiercito

Etxean bizi direnen profila: oro har, autonomia maila ona dutenak, bakarrik bizitzeko adina, edota laguntza behar dutenak baina haien beharrak egoki artatuak daude etxean (familia, kanpoko laguntza).

  • Xedea: autonomia maila eta etxean mantentzea ahalik eta denbora gehien. Arrisku faktoreak kontrolatu, bai osasunarekin lotuak daudenak, baita sozialak ere.
  • Koordinazioa: Osasun Lehen Mailako Arreta eta Zerbitzu Sozialen Oinarrizko Unitateen artean.

Egoitzetan bizi direnak: mendekotasun maila desberdina dutenak (fisikoa, narriadura kognitiboa) zainketa bereziak behar dituztenak eta, zirkunstantzi desberdinak direla medio, etxean bakarrik egon ezin direnak.

  • Xedea: osasun arazo larriak ez dituztenean, baliabideak baliatu zainketa egoitzetan egiteko.Egoitzen barruan gune bereziak sortu osasun-arreta berezia behar dituztenentzat, bai ospitaleratze baten ondoren eta baita ospitaleratzea ekiditeko ere.
  • Koordinazioa: Egoitzak, baliabide sozio-sanitarioa eta ospitalea egongo lirateke inplikaturik, beharren arabera batera edo bestera bideratuko luketelarik.

Proposamen bat: koordinazioaren kultura sustatzea

Gai honekiko gizarteak eskatzen du kudeaketa eraginkor bat egitea. Honetarako, sortu behar dugu elkarlanerako kultura bat, maila eta esparru guztiak zeharkatuko dituena. Badakigu era honetako aldaketak ez direla gauzatzen egun batetik bestera, baina hala ere, koordinazioaren kultura abiapuntu eta helmuga izan beharko genuke zerbitzu-sare egoki bat osatzeko.

Beraz, administrazio desberdinen arteko akordioak sustatu behar dira, planak, programak eta jarduera-protokoloak egiten, pertsonen arteko elkarlana bultzatuz. Batez ere, prebentzio alorrean lan eginez: Lehen Mailako Arreta eta Zerbitzu Sozialeko Oinarrizko unitateetatik hasita, oinarri sendoak ezartzen, gaur egungo ongizate-sistemari eutsi ahal izateko.

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago