Iritzia eta gogoeta

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

 

Deskargatu Izena Tamaina Iraupena
download Luma berrien eleak: Nire bideak
3.8 MB 4:10 min
 

luma7_4

 
Nere Bideak
Iratzargailua entzutearekin batera hasi dut eguna. Eguneroko pausuei jarraiki, pertsianako zirrikituetatik lehen begirada eskaini diot kanpokoari, berehala sukaldera abiatzeko, bizkortuko nauen edabe miragarriaren prestaketa martxan jartzera. Isiltasuna apurtu dut irratiko lagunei bide emanez. Berriekin batera errepideetako informazioa interesatzen zait, lanerakoan ezusteko oztoporik topatuko ote dudan jakitea, alegia.

Lasai egin dut Goierritik Andoainerakoa, nire etxea eta ogibidea lotzen dituen N1 trabatuan barna. Lasai diot, gaur ez dudalako kaminoan geldi egon beharrik izan kamioiren baten atzean, aurrera egitea zerk eragozten didan asmatzeko aukerarik gabe. Trankil, ez naizelako erretxindu baten bat mantsoegi edo azkarregi zihoala irizteagatik. Agian, garaiz esnatu eta presa barik abiatu naizelako. Apika, Aitorri kendu nion eta hain gustura entzuten dudan Lunaren musikarengatik izan da. Beharbada, gaueko iluntasunean izandako balizko ametsaren efektu positiboa neureganatu dudalako. Stop.

Euskaltegira ailegatzean, berriz ere aztoratu xamar nabaritu dut jendea. Korrika 16 ari da jada bere bidea egiten eta gure bailarara hurbiltzerako guztiak prest behar du. Gauza asko dira ondo lotu beharrekoak baina, batez ere, ibilbideari dagozkionetan ezin da hutsik egin. Hainbesteko jendetza mugiarazten duen jaiak, badu arazo txikiak sor ditzakeen zenbait toki gure ardurapean. Furgonetak pasatzeko adina espazio ez duen bidegorria, esaterako. Edo obrak direla eta, kontrako noranzkoan zeharkatuko den zubia. Gainera, ibilbideko kilometro bakoitza ere markatu egin behar da, lekukoa eramango dutenei beraien kokalekua errazte aldera.

Hala ere, Korrikak nire lan karga arintzeko ere balio du zenbaitetan. Iluntzeko klaseko ikasleekin, Korrika Kulturalaren barnean proiektatzen ari diren Jon Maiaren Bidaia intimoak dokumentala ikustera joan baikara. Bertan, euskararako bidea egin duten lau lagunen testigantzak jasotzen dira, beste hainbaten ispilu izan daitezkeelakoan. Lau eredu dira, lau adibide baino ez, bidaia intimoak izanik guztiak baitira bakarrak.

Bakarra den bezala euskararen unibertsora inguratzen den ororen ibilbidea. Batzuk soilik tituluaren bila ari dira eta lanpostuaren ikuspuntutik begiratzen diote hizkuntzari. Beste hainbatek nolabait familiak bultzatuta dihardu euskara ikasten. Bikotekidea euskalduna duelako edota seme-alabei eskolako lanetan lagundu ahal izateko. Hirugarren talde bat euskaraz bizitzeko hautua egin izanaren ondorioz gerturatzen da euskaltegira, euskara maitatzeaz gain gozatu ere egin nahi duelako. Arrazoi hauek, hala ere, alda daitezke momenturen batean, baita denboraren poderioz berritu ere. Baliteke, gainera, hasieratik desio desberdinak nahastuta egotea. Beraz aldatu, berritu eta nahastu ere egin daitezke, ia ezer ez baita betiko berdin mantentzen.

Bestalde, azaldutakoaren irakurketa orokorragoa eginez, esango nuke hauexek direla norbanakoaren bidea markatzen duten faktore nagusiak: familia, beharrak eta nahiak. Kasu bakoitzean desberdina izango da berauen eragina, baita aurrera begira eman ahal den bilakaera ere. Ondorioz, darabilzkigun kartak markatuta datoz, hein batean, jaio eta hazten garen ingurunetik, baina honek ez gaitu erabat baldintzatzen… ala?

Etxera itzultzean hau guztia idazten pasa dut egunaren azken zatia. Gaurkoa da eta gaurko moduan idatzia. Paper gainean geratzeak betiereko bihurtzen omen du, nahiz eta jakin bihar, ziurrenik, beste era batera idatziko nukeela eta, agian, baita zerbait desberdina ere. Teoriak teoria, bidea egunez egun ibiltzen egiten dugu, erori, jaiki, makurtu, salto… egiten dugun bitartean. Erabakiak hartuz. Eta bakoitzak bere gisara. Horretan nabil ni ere, abestiko “my way” delakoa zehazten, onartzen, aukeratzen…

Iratzargailuaren botoiari sakatu diot. Bihar biharkoa.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli