Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
LARANJA ERDIAREN BILA 

Munduan bi pertsona mota daude: bakarrik bizitzeko gai direnak eta bakardadea lagun jasangaitza izanik, bertako basamortuan bizirauteko konpainia behar-beharrezkoa dutenak.

Sailkapen horretan ni bigarren multzoan nago kokatuta; beraz, nire neska lagunak utzi ninduenean, nire existentzial hutsunea betetzeko maskota bat erosi nuen; txakur bat.

Maskotari izena jartzea oso gauza erreza suertatu zitzaidan. Begiratu besterik ez zitzaion egin behar izenarekin asmatzeko.

Gorpuzkera sendo, gihartsu eta ondo moldatua. Bular-lepoa ahaltsu eta harroa. Gorputz-adarrak mardul eta okertuak, polizia pelikuletako matoi tankerakoak; eta aurpegiak hamaika porrot jasandako .boxeolari baten antza zuena: sudurmotza, begi-zuloak eta kolpeek zizelkatutako orbainak masailetan. Izan ere, inongo zalantzarik gabe, Urtain izena jarri nion nire boxer txakurrari.

Lehenengo unetik oso argi utzi nion agintzen zuena zein zen. Aurreneko asterako hanka altxatu eta agurtzen irakatsi nion. Bigarrenerako egunkaria eta etxeko zapatilak ekartzeko gauza zen.

Bestalde, nire barrenean zerbait aldatzen ari zela antzeman nuen. Oso kirolzalea ez naiz inoiz izan, baina bat-batean auzoko kiroldegian izena eman, eta hango muskulazio aretoan, burdinak gora eta behera, arratsaldeak ematen nituen. Bertan igarotako orduei esker, eta, zergatik uko egin, anabolizatzaile eta esteroide batzuek lagunduta egundoko gorputza garatu nuen. Aldaketa fisiko horrekin batera, izaeran ere zerbait berezi sumatu nuen. Jendearekin sartzeko sekulako grina piztu zitzaidan eta borrokazale porrokatua bihurtu nintzen.

Gauero diskotekatik diskotekara ibiltzen hasi nintzen, eta han sortzen ziren istiluen ezinbesteko bezero bilakatu ere bai. Halako gau batean sudurra hautsita nuela etxera iritsi nintzen. Ispiluak islatzen zidan aurpegi desitxuratuak nire boxer txakurrarekin gogorarazi zidan.

Horixe izan zen nire bizimodua aldatzen ari zenaren lehenengo seinalea. Bigarren abisua parkean agertu zitzaidan beste gau batean. Etxera bidean plazer handia sentitzen hasi nintzen zuhaitz guztietan gelditu, usaindu, hanka pixka bat altxa eta txiza egiterakoan. Handik aurrera, gauero Urtain eta biok, telebistako informatiboa bukatutakoan parkera abiatzen ginen zuhaitz guztietan geure puxikako arrastoak uzteko.

Hirugarren abisua eta hau bai izan zela erabakigarria, nire neska lagun ohia etxetik pasa zenekoa izan zen. Banatzerakoan etxean zenbait gauza utzi zituen jasotzeko asmoz, larunbat batean geratu ginen.

Dena ondo joan zen etxetik irteterakoan eskuan zeraman pakete madarikatu hori lurrera erori zitzaion arte. Jasotzeko makurtu zenean, bat-batean, bere ipurdiz jabetu nintzen eta inkontzienteki beragana hurbildu, eta ni ere makurtuta bere atzealdea usaintzen hasi nintzen. Bikotekide ohia sutan jarri zen; perbertitua, solomasokista, pedorro, perrofilo eta abar deitu ondoren, epaitegian sexu-jazarpenagatik salaketa jarriko zidala mehatxatu zidan.

Hurrengo egunean, txakurra erosi nuen txori-denda berara eraman eta hantxe utzi nuen.

Handik bi egunera txakur-minak jota edo, bisita bat egiteko asmoz, txori-dendara joatea erabaki nuen. Pio dendariak txakurra dagoeneko salduta zegoela esan zidan, baina nahi izanez gero ATHLEEEEETIK! oihua egiten zuen eta neskei txistuka zebilen kakatua bat salgai bazeukatela. Madrilen bizitzeak eragin litezkeen ondorioak kontuan izan gabe, erakargarria egin zitzaidan hizketan zerbait zekien batekin etxea partekatzea, eta erosi egin nuen.

Gauetik goizera athletikzale amorratua bihurtu nintzen eta edozein momentu, edozein tokitan, nahigabe ATHLEEETIK! garrasi adoretsua nire eztarritik ateratzen zen.

Behin, tabernako lagun bati kontatu nion eta kakatua tabernara eramateko konbentzitu ninduen. Zoritxarrez, telebistan, Real Madril Athetiken kontra jokatzen ari zen eta taberna madrilzalez lepo zegoen. Imajina dezakezue zer aurpegi jarri zidaten kakatua eta biok batera etengabe ATHLEEETIKa hasi ginenean. Tabernatik ziztu bizian hanka egin behar izan genuen, horietako madrilzale batzuk atzetik segika genituela. Gutxigatik libratu ginen.

Hori gutxi ez balitz, neskei txitua egitearenak ere enbarazu bat baino gehiago sortu zizkidan. Maskota berriaren ohitura hori ere nirea bihurtu eta aurrekoarekin gertatzen zitzaidan bezalaxe kontrolaezina nuen.

Neska lagun ohiarekin bakea sinatzeko nire etxean berriro geratu ginenean etorri zen hondamendia. Barkamena hamaika aldiz eskatu ondoren, aurrekoan gertatutakoa bakarrik bizitzearen ez-gogoko ondorioa zela, behin eta berriro esan, eta azkenean neska amore emateko ia prest zegoenean, ezustean txistukatzeko erasoaldiak jo ninduen. Neska laguna ohiaren aurpegia goritzen joan zen azkenean lehertu arte. Lehengoan botatako adjektibo guztiak gogorazi ondoren, orain bai, orain bai sexu-jazarpenagatik salaketa jarriko zidala berretsiz, atea danbadako batez itxi eta etxea utzi zuen.

Hurrengo egunean, kakatua nirekin neramala, nire etxetik bost bat kilometro dagoen basotxo batean askatu egin nuen.

Badaramat hiru aste konpainiarik gabe bizi naizela eta aitortu behar dut krisialdi larrian nagoela. Hala eta guztiz ere, nire egonezinaren irtenbidea orain irakurtzen ari naizen propaganda batean egon liteke.

Tamagotchi bat erostera noa. Ikusiko dugu.

Mikel Agirregomezkorta

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli