Kaixo!!!

nik Ataunen irakurtzeko Sarriren "Gartzelako Poemak" hartu nuen oinarri:

 Joseba Sarrionandiaren Gartzelako Poemak

eta hona hemen idatzi nuena...


muxuak danontzat! 

   y

 Sarri

(20081122, 20081130, 20081211|yo)


Imajinatzen haut, Joseba,
pentsaezina den ezleku batean:
bizar barik, burusoila,
betaurreekin, zahartua,
20 urte jada munduan itzal haizela.

Imajinatzen haut, Joseba,
erdaldean bizitzen,
hi, euskara bihotzean daroan hori,
irla bat arrotzen artean.
20 urte jada familiatik urrun,
lagun artetik, herritik.
Eta, galdetuko niake:
merezi izan dik?

Imajinatzen haut Frantziara ihes egiten,
neskalaguna alboan,
batek daki nora desagertzeko,
ezkutuan betiko,
adi,
ihesean.

Urteak joan, urteak etorri,
erbestean bizitzeaz nazkatua,
bera itzultzen duk;
hik ezin.

Gainera, jakin badakik,
itzultzekotan
hain aldatua zagok hau,
non beste leku batera
helduko hintzateke.

Izan ere,
denborak aldatu egin hau;
denborak aldatu egin gaitik.

Ostean, atzerrian oraindik, imajinatzen haut
bakarrik edo erdaraz maitemindua
ezagunak eta lagun minak egin zaizkian
jada ez hain arrotzen artean, jada ez hain irla.

Badakik: mugitzen garelako
ditiagu erro motzak.
Halere, merezi izan dik?

Ez ote zegoan besteren bat
patu hori betetzeko
amak urte guzti hauetan
sukaldeko mahaian hutsik utzitako lekua
hik bete ahal izateko?

Merezi izan dik
sinbolo bihurtzea
guk katamaloren atzean
aurpegi bat zegoela ahazteko?
Edo bozeramaile gailentzea
hire berben benetako esangura lausotzeko...
Edo kondaira, argazki, abesti bilakatzea
gatazka guztien barnean
seme, aita, senar, lagun bat bizi dela ez ulertzeko.

Merezi izan dik
hemen ez geratzea,
herdoilak irensten gaituen ikusteko;
funtsa aldatu ez dela sufritzeko,
burua besteekin makurtzeko.

Badakik: gure fikziozko zoriontasuna
etorkizuna mugagabea dela sinestean datza;
hik, polizia noiz etorriko zain,
muga baduk.

Agian horrexegatik,
hau dena pentsatuz
imajinatzen haut, Joseba,
nik bizitzari diodan
bezainbesteko beldurrarekin
baina kontzientzia garbiagoarekin.

Agian horrexegatik,
merezi izaten al duen
galdetzen zioat nire buruari.

 

  ---

Bide batez, liburu horretan izugarri hunkitzen nauen poesia bat uzten dizuet hemen, zuen gozamenarako. Ni bezala urte askoz kanpoan egon denak ulertuko du...


Presoen amak


Oroitzen zaitudanean, ama,
sukaldean egoten zara
mahaia bostentzat atondu,
aulkian eseri eta leihotik
kristala lausotzen duen lurrina
ezabatu gabe neguari begira
eta ni —badakit—
zure begien hondoan nagoela.

Patioan solasean eta lagun batek:
— Itolarria senditzen diat...
 
Zer den amaren begian egotea!

   Joseba Sarrionandia, "Gartzelako poemak", Susa
   http://www.susa-literatura.com/cgi-bin/liburuok.pl?lib=poes14

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago