onati    
Argazki gehiago ikusi    

GAROA nobelaren inguruko ibilbide literarioa egin genuen Oñatiko Uribarri auzoan joan zen martxoaren 19an. Bergarako Idazle Eskolak urtero antolatzen dituenen antzera (azkenak Arrasaten, Bergaran, Orexan…), oraingoan berriz ere, txandaz, Jerardo Elortzaren gidaritzapean. Berarekin eta beste oñatiar batzuen laguntzaz, Tere Irastortza Idazle Eskolako zuzendaria, ikasturte honetako bi mailetako ikasleak, ikasle ohiak, eta bestelako jendea ere bazen taldean, batzuek dagoeneko ohikoak jarduera hauetan. Guztira 24 lagun.

Oñatiko Unibertsitate zaharrean elkartu ginen larunbata goizeko 10:00etan eta bertako klaustroan jaso genituen Jerardoren eskutik Domingo Agirreri buruzko lehen azalpenak eta baita GAROA liburuari buruzkoak ere. Dozena bat orrialdeko dokumentu bana eman zigun han ginenoi: nobelako zati hautatuak, Oñatiko baserriak eta auzoak kokatzen zituen mapa… eta baita hiru abesti ere, garai eta gai desberdinetakoak.

Unibertsitatetik Arantzazurako bidea hartu eta nobelako Joanes artzaia bizi izandu zen Aloña mendiko hariztietara inguratu gintuzten oñatiarrek: Urtiagainen autoak utzi eta oinez, Gogordo baserriraino; etxe atariko karobiaren bueltan jarri eta bertako baserritarraren ahotik aurrez aurre karobiaren inguruko kontuak! Kamino aldapatsua beheraka hartu eta Baltzategi baserrian hurrengo geldialdia. Baserriko paretetako batean 2011n jarritako armarriak jakinarazten digu non gabiltzan: “Baltzategiko Errodrigotxo zorioneko artzaia” dioen testuz, artzaina, ardiak, txakurra… landuta ditu Jabier Bikuñak. Baserri aurrean, Aloña gaineko gurutzea bistan jasotako argibideen ondoren, ermitara. Ermita barruan J. Mari Anduaga oñatiarraren ahotsa eta gitarrarekin, gainontzekoek ere hiru abesti kantatu genituen, bertako hotzari aurre eginez: “Bergelok aidez aide” (araoztarrek, Arantzazura erromes joatean kantatzen omen zutena), “Agustuaren” (Uribarriko Gabriela Agirrebengoarena behar duena, R. M. Azkuek jaso zuenez) eta “Oñatiko kale- eta baserri-auzoak” bertso-sorta. Handik, Azkarraga baserrira jaitsi ginen beste hainbat konturen jabe egitera, betiere Jerardoren jakinduriaz blai.

Azkenik, autoak utzita genituen Urtiagaina igo eta, bertako jatetxean, salda beroz eta jatekoaz asetuta ospatu genuen, nola ez, goizpasa ederra bizi izana, beste behin ere. Bazkaltzera geratu zirenik ere badira!

Aurtengo ikasturteko Ibilaldiak bukatu dira: lehenengoa urriaren 31n izan genuen Orexan, Orixeren arrastoan, Paulo Iztuetarekin. Baina datorren ikasturtean ere izango da nora joana eta zer ikasia!

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago