Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Euskal eleberriaren historia

Santiago Onaindia Ikerketa Beka 1999

olaziregiMari Jose Olaziregi                 Euskal eleberriaren historia deitu diogu liburu honi, bere laburrean, euskal eleberriaren bilakaeraren berri eman nahi duelako. Eta seguru aski irakurleren bat baino gehiago harritu ere egingo da historia hau, berez, ehun eta oso gutxi urte dituen literatur generoaz mintzo dela ikusten duenean. Halaxe dira kontuak, inguruko literaturetan genero horrek bere urrezko aroa bizi zuenean, hots, XIX. mendean, poliki-poliki generoaren beraren sorkuntzarako urratsak egiten ari baikinen gurean.

Ezbairik gabe, euskal literaturazaleari ezagunak zaizkion kontuak dira guztiok, ezagunak zaizkion moduan euskal eleberriaren sorrera berantiarrak gurean izan zituen arrazoi sozio-historikoak. Horretaz hitz egiten da liburu honetan baina, batez ere, hitz egiten da euskal eleberrigintzak azken hamarkadetan izan duen sendotze eta ugaltze harrigarriaz. Kantitatez ez ezik, kalitatez ere azken hiru hamarkadak izan baitira euskal eleberria fikziozko mundu iradokitzailez jantzi dutenak. Eta horixe da, finean, poetikak eta modak alde batera utzita, eleberri bati eskatzen zaiona, munduak eraikitzea, fikziozko mundu sinesgarriak sortzea. U. Ecok esan bezala, tresneria egokia eduki arren, hitzak eduki arren, pauso bat haratago joaten ahalegintzen baita eleberria, esanezina den hori hitzez adierazten. Rem tene, verba sequentur. Literatur genero guztien artean aldakorrena den honek milurteko berriaren hasieran duen arrakasta eta harrera paregabeak muzin egiten die historian zehar etengabe iragarri den bere heriotzari. Eleberriaren balizko heriotzaz mintzatu zitzaizkigun, esaterako, XIX. mende amaieran naturalismoari oldartu zitzaizkion hainbat egile (J. K. Huysmans…), edo sinbolismo ostean ironia eta mundu subjektiboak iradoki zizkiguten eleberrigile- 9  ak (Dujardin, Gide…)… edo, H. Jamesen esanak irauliz, eleberriari bere narratibotasuna murriztu zioten 1960-1970 hamarkadetako egile esperimentalak (Nouveau Roman…). Guztiak ditugu literatur genero honen bilakaeraren adibide eta mugarriak; guztiak, generoa bera ulertzeko modu baliagarriak. Azken urteotan, ostera, eleberria/best-sellerra artekoa izan da eztabaida, N. Mailer eta J. Updikek T. Wolferekin izan zuten eztabaida batean esaten zen bezala, balio literarioak dituen eleberria “gaixorik” baitago merkatuak agintzen duen une honetan...

Irakurri osorik: PDF

Mari Jose Olaziregi