Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

 

micro1.gif
 ETORTZEKO  JOANAK
Antzina idatzi zien Ritak gurasoei helbiderik gabeko lehen gutuna. Hura Maite zaituztet esanaz hasi zuen gerrako umeak. Izan ere, gudatik urruntzeko agurtu zituenean estazioan, negar bakarrik egin ahal izan zuen. Ordudanik, bizitzaren azken hiru laurdenak daramatza aurreko laurdenera eramango duen trenaren zain. Gaur bezala.

Geltokia euritik gordetzen duten burdinazko egitura hotzetan ilaran jarrita, goitik begiratzen diote usoek. Ritari so daude. Hegoaldeko herrialdeetatik bueltan fokuen epelean egin dituzte habiak.

Ikusten dute nola burua eskuin eskuaren gainean etzanda eta ukalondoa izterrean iltzatuta dituen. Eserita dago larru urratuko maletatxoaren gainean. Hankak zintzilik ditu, kulunka edo. Horregatik, tarteka, Rita Lizar irakurtzen da ume letraz maletan; eta tarteka ikusten dira, nahita agerian utzi dituen gantxilozko cotton perle galtzerdi zuriak.

Tertziopelo urdin-iluneko lazoak kentzen dio ile lakarra kopetatik. Oinak eta burua umetxo batek bezala jantzita ditu. Ezpainetan sehaska kanta bat darabil, minez. Lepokoan amak oparitutako eraztuna darama, txiki geratu zaiolako zintzilika hau ere. Begiratzen dio eta zulotik guda-lekuan jolasten ikusten du bere burua.
 
 
 
Balkoitik, parkean dauden haurrei begiratzen die Teok. Aspaldian ez du kalerik zapaldu. Logelatik egongelara eta egongelatik balkoira eramaten dute laukidun fieltrozko etxeko zapatilek, arrastaka. Eta zerua gorritzen denean kontrako bidea egiten du ohean negar egiteko. Gaur, berriz, egingo duen bezala.

Momentuan, euriak higatutako zumezko besaulkian eserita dago. Gorputza indarge eta begi ximurrak jolasean dabiltzan umeen artean, aurkituko ez dutela dakiten neskatilaren bila. Ile harrodun bati segi diote, baina ez da beraiek nahi luketena.

Egunero une hori iristen denean egiten duen bezala, errukiz begiratu dio magalean duen katu grisak. Eta eguneroko errituala betez erantzun dio agureak: ogi-mami bolatxoak jarri ditu barandailaren gainean, besaulkiaren inguruan, ihartutako landare-ontzietan… iparraldetik datozen usoak bera agurtzera etor daitezen.

Izan ere, emaztea hil zenetik oso bakarrik dago eta guda hartan trenak eramandako alabaren irudia ahaztuko duen beldur da.

Amaia Artolazabal