Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
tximeletak.gif
pdf
 
TXIMELETAK  
Aezeak daude oraindik zure txurroak. Udara arte edukiko omen dituzu; hala esan didazu behintzat. Ez dakit guraizeak zerorrek hartuko dituzun eta lurrera erortzen utziko dituzun, kax-kax, banan-banan, zure txurroak. Hain erraz ere ez duzu ezabatuko azken urte hauetan sortu duzun irudi hori. Agian ile apaindegira joango zara; beti da errazagoa halako borrero lanak esku arrotz batek egin ditzan uztea. Baina ez zaitut imajinatzen ile apaindegian. Ez dirudi zure estiloa denik. Beharbada lagunen bati eskatuko diozu beldurrik gabe mozteko, goi-goitik ebakitzeko, begiramenik gabe, zure txurroak. Niri ez, mesedez, ez eskatu zure Dalila izateko. Ez dakit gauza izango naizen, hala aurkitu baitzaitut, txurro eta guzti, bigarren aldiz. 15 urteren ondoren.

Eskola garaiko oroitzapen askorik ez daukat. Zure kizkurrak gogoratzen ditut, zure jertse gorria, zure apal narratsa eta zure letra txarra. Ez dizut esango maiteminduta nengoenik. Ez da egia, badakizu. Ni bezalako neskak ez dira maitemintzen zu bezalako mutilekin. Eta uste nuen zu bezalako mutilak ere ez zirela maitemintzen ni bezalako neskekin. Baina aurreiritzi horiek ni bezalako neskek dituzte, ez zu bezalako mutilek. Hori ere erakutsi didazu.

Zuri ez zaizu axola Zarako arropak jantzi ote ditudan edo Lancomeren lurrina bota ote dudan. Baina perfekzioa ez da hori, orraztuta eta makillatuta joatea. Ez dakit zer dela-eta pentsatzen zenuen perfektua nintzela. Orain badakizu ezetz, ez naizela inola ere perfektua. Hala esan didazu, behintzat, inperfekzio txiki batzuk aurkitu dizkidazula bigarrengoz ezagutu nauzun aldi honetan, eta gogokoago nauzula horrela. Ez didazu esan zein diren inperfekzio horiek, eta ni ez naiz ausartu galdetzera. Ez omen dituzu pertsona perfektuak maite. Baina eta oso inperfektuak? Hori ez didazu esan. Nire barrura sartzen sentitu zaitut, inperfekzio horien bila agian, eta bat-batean beldurtu egin naiz, ez ote duzun inperfekzio askotxo topatuko.

Nerabetan urakanak dira sentimenduak, eta inarrosi egiten dute barrua; dena sentitzen da handiago, biziago. Sentimendu horiek berritu ote zaizkizu? Ni, ordea, ez naiz jadanik zuk gogoratzen duzun pertsona hura, idealizatuta daukazun neskatila xalo hura. Hura joan zen, eta ez da geratzen haren arrastorik batere. Maitatuko al nauzu 14 urteko neskatxa hura ez naizela konturatzean? Baietz esan didazu, maiteago nauzula orain. Eta nik sinetsi dizut, sinetsi egin nahi nizulako agian. Eta txurroak ferekatu dizkizut. Hezeak dauzkazu oraindik. Ni bezain heze. Ez naiz 14 urteko neskatxa hura, baina 14 urterekin bezala sentiarazi nauzu. Tximeletak sabelean hegaka.

Harrituta nagoela esan dizut. Zurekin harrituta, ez zintudalako hala gogoratzen, hain adeitsu eta hain maitagarri, baina batez ere neure buruarekin harrituta. Gutxitan menturatu naiz hainbeste. Baina ezin nuen gehiago iraun bunkerrean. Han ezin da arnasarik hartu. Ito egiten du hor barruan itxita egoteak, lizundu egiten du gaztetasuna. Behingoagatik urakanaren indarra sentitu nahi nuen, bizitzaren zirrara sentitu. Ez dakit jokamodu ero horrek nora eramango nauen, laino artetik erori eta lur joko ote dudan, baina bitartean utzidazu zure ile latza laztantzen, tximeletekin batera hegan egiten.

Beste norbait ere badagoela esan dizut, eta ez dakidala zer egingo dudan, ezustean harrapatu nauela honek guztiak, erokeria hutsa dela. Hori nik ikusi behar dudala erantzun didazu, eta hortxe gelditu da kontua. Zertarako gehiago hitz egin? Arratsaldea hondatzea litzateke. Irauten ote dute tximeletek arratsalde bat baino gehiago? Nik ezin dizut promesik egin, tximeleta gehiago izango dela ziurtatu. Badakit ez didazula ezer eskatu, ez didazula baldintzarik jarri, eta, hala ere, dena eman didazu, zu zeu, ez baitaukazu zu besterik emateko.

Lehengoan egin zenituen piperrak ere eskaini dizkidazu. Goxoak zeuden oso. Ez dira izan hitz zuriak, diplomazia kontua. Horrek ere harritu nau, sukaldean zein trebea zaren. Baina matematikekin ondo ez moldatzeak ez du esan nahi bizitzan ere moldakaitz izan behar zenuenik. Gainera, bukatu zen eskola garaia, aspaldi bukatu ere, eta eskolako matematikek ez dute gaur egun ezer askotarako balio. Praktikoagoa da piperrak egiten jakitea. Niri ahaztu zaizkit matematikak, eta ez dakit hain piper goxoak egiten. Horra nire perfekzioa, ageri-agerian.

Plater beretik jan dugu, mahai gaineko trasteak baztertuta. Kandelez eta mahai zapiaz ez gara gogoratu ere egin, erromantizismoa ez baitago gauza horietan. Bihotz taupadak baretzen direnean beharko ditugu agian halako protokoloak, orduan piperrak jatera gonbidatzen banauzu behintzat. Amaitutakoan, harraskan utzi ditugu platerak, lehendik zegoen pilaren gainean. Postrerik ez dugu jan; izan dugu nahiko gozo gaurkoz.

Gero autoraino lagundu didazu, eta ni eskerrak eman gabe sartu naiz barrura, piperren zapore mina ahoan.

Motorra piztu dut, eta irratia kantuka hasi zait. Etxe artean galtzen ikusi ditut zure txurroak. Ez didazu eskatu zurekin gelditzeko, eta nik ere nahiago izan dut hala, gauaren konplizitatearekin etxeratu, egun argiak magia itzal ez dezan. Baina bat-batean konpainiaren beharra sentitu dut, gau beltza urdailaren erdi-erdian, eta telefonoa bilatu dut poltsan.
 
Agendan aurkitu dut kontsolagarria.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli