Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Mikaztutako hitzak
7k23    
Irudia: Kristina Fernandez    
pdf    

Isiltasunaren zamari ezin eutsita, galdera bera egin nion berriz, baina hitzak mikaztuta atera ziren mingainetik. «Zer gertatu da?» entzun, eta burua aurreko aldian baino gehiago makurtu zuen, kokotsaren punta kikaran sartzeko beste ia. Begira-begira nengoen, bere ezpainen mugimenduaren zain, baina alferrik. Hura ez beste gorputzeko atal guztiak zituen dantzan; ezker eskuko hatzekin kizkurtutako ile errebeldea menderatu nahian zebilen, eta eskuinekoekin zigarroari eragiten zion, azken errautsak hautsontzira botaz. Oinak ere gora eta behera zebilzkion, hankak etengabeko dardarizoan.

Bazekien denbora agortzen ari zitzaiola, eta ez zeukala komunera ihes egiterik, eta ezta tragoa eskatzeko aitzakian urruntzerik ere. Hasperen egin, koilaratxoa hartu eta aparra kendu zion ebakiari. «Ez da ezer larririk gertatzen» esan zidan ahots urduriz, eta, hori entzundakoan, hitzordua adostu genuenean baino gehiago kezkatu nintzen. Era guztietako burutazioak nituen bueltaka: emakumeren bat haurdun utzi zuela, gaixo zegoela, istripuren bat edo ez-beharren bat izan zuela... Sosegatu ezinik nengoen, berak baino hobeto ezkutatzen nuen arren.

Begietara begiratu zidan sinetsi ote nuen jakiteko, baina bazekien ondo ezagutzen nuela, eta taberna hartan zegoen edonork antzeman zezakeela une hartan zuen aldartea. Berehala hasi zitzaidan barrua samurtzen. Kopeta zimurtu nion aurrena, eta bekainak jaso nizkion ondoren, aspaldiko partez. Barre bihurria ageri zuen aurpegian. Mendebaldeko unaien hizkuntza zen hura, nire moldean. Mendebaldeari buruzko filmetan pistolarekin norbait mehatxatzen zutenero, eserlekutik altxatu, bere aurrean jarri, eta pistola ateratzeko keinua egin beharrean, huraxe egiten nion. Nire begiek balak ziruditela esaten zuen, eta ez zegoela haiek baino pistola eraginkorragorik. Ezkutatzen zuen zerbait kontarazteko edota nahi nuen zerbait lortzeko erabili ohi nuen, eta garai hartan bezalaxe, emaitzaren zain nengoen. Jarrera hark pixka bat erlaxatu zuen, antza, hanken mugimenduaren erritmoa moteldu baitzuen.

Kafeari azken zurrutada eman, eta «arazoak ditut lantokian» esan zidan, barra ertzera begiratuz. Arnasa sakon hartu nuen, burutazio okerrenak uxatuta, eta jarraipenaren zain gelditu nintzen, euri-langarraren lehen tantak ikusi eta, laino beltzei begira, lehorraldia etengo duen zaparradaren zain egoten dena bezala. Ez zen beste tantarik iristen, ordea.

Bere kikaran gelditutako kafe-hondarrari begiratu nion bihurri, eta ahotsa finduz esan nion: «Batzuk gai omen dira edalontzian utzitako hondarretatik etorkizuna iragartzeko. Proba egingo al dut? Ea nire bi bala hauekin oraina ere asma dezakedan! Ea ba! Lantokiko gizonezko batek proposamen lizuna egin dizu eta onartzeko asmoa duzu! Asmatu al dut?». Barrezka hasi zen, eta bere begi marroien ertzetako kolore berdexka bizi-bizi ikusi nuen une batez, udako eguzkiaren izpipean legez.

«Lantokian lanez eskas gabiltza, eta nagusia estu eta larri dabil, egoerari buelta eman ezinda» aitortu zuen, ezpainak “eskerrik asko etortzeagatik” zioen ahozapiarekin garbituz. Kafe arrastoa geratu zitzaion ezpainaren ezkerreko ertzean, eta erakuslearekin seinalatu nion. Masailak berotu zitzaizkion bat-batean eta, beste ahozapi bat hartu eta hiruzpalau segundoz igurtzi ondoren, umeak amari bezala begiratu zidan, onespen bila. Burua gora eta behera mugitu nuen, mahai gainean zimurtuta zegoen paperezko zapia tolestu eta bere kikara barruan sartu nuen.

«Ez du inor kalera bidali nahi» esan zuen ahots itzaliz, «eta, hortaz, soldata jaitsiko omen digu, oraingoz behintzat». Hori esaten zuen bitartean, barra ondoan eserita zegoen gizon helduari begira ari zen errukitsu; poltsikoak praken kanpoaldera ateratzen ari zen 65 urteko gizona, txanpon batzuk topatu nahian, eta tabernariari beste trago bat ateratzeko ari zitzaion erregutzen, hurrengo egunean ordainduko ziola-eta.

Seme-alabengan pentsatu nuen une horretan, eta hilero euren mantenurako ematen zidan diruaz. «Ez kezkatu umeengatik, moldatuko gara hilabete batzuetan. Nahiko garai txarra da hau; matrikulak ordaindu eta eskolako materiala, arropa eta abar erosi behar dira, baina konponduko gara» esan nion bera lasaitu nahian, baina erdi kezkatuta. Buruari eragin zion hori entzundakoan, eta «bestela ere ez dugu soberan izaten, eta diru hori ematen ez badizut ez da nahikoa izango» esan zuen serio-serio. «Etxearen errenta ordaindu beharrik izango ez banu, gure txikientzako dirua izango nuke» xuxurlatu zuen pentsakor. «Eta zer egingo duzu, kale gorrian bizi?» galdetu nion modu irrigarrian. Begirada jaso eta nirean iltzatu zuen, ziurtasunez baina hauskor. Balak kotoi bihurtu ziren bat-batean, eta Ikerrek zer aurpegi jarriko ote zuen pentsatu nuen, nire senar ohia gure etxeko atean maletekin ikustean. Artean ukitu gabeko kikarari heldu eta kafe hutsari tragoxka bat eman nion, baina berehala utzi nuen platertxoaren gainean, mingaineko mikaztasunaz ohartuta. Azukrea botatzea ahaztu zitzaidan.

NOR DA

Maitane Legarreta Etxezarreta

Beasainen 1986an jaioa. Kazetaritzan lizentziatua
eta Euskal Kulturaren Transmisioan aditu titulua.
Idazle Eskolako 2. maila bukatu berria.
Goierriko Goiztiri AEK Euskaltegiko irakaslea.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli