Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

JOKOA

Beatriz autobusean zihoan egunero bezala, baina egunero ez bezala, ia hutsik zihoan autobusa. Bere eserlekutik gertu, aldameneko lerroan eta hiru jarleku atzerago, egunero ikusten zuen gizon luzea zegoen. Besterik ez, autobus osoan, gizon luze hura eta Beatriz zeuden bakarrik. Ez ohiko moduan, autobusa azkarregi zihoan eta Iraetako bihurgunean, balaztatu beharrean, azeleratu egin zuen gidariak. Iraultzeko arriskuan egon zen ibilgailua. Beatrizek, elkartasun begirada bat bota zion atzean eserita zegoen gizonari, baina honek ez zion bueltan erantzun. Are gehiago, luze eserita zegoen gizonari, ezpainetan, barre txiki bat nabaritu zion. Beatrizek ez zuen deus ulertzen baina konfiantza guztia zuen gidariarengan, bi urte luzez bidaiatu zuen autobus hartan, egunero, eta ez zitzaion sekula ezer gertatu. Bere eserlekutik ederki ikusten zuen gidariaren aurpegi erdia eta begira gelditu zitzaion. Hura ere barrez ari zela iruditu zitzaion une batez, eta ziurtatzeko, aurpegia luzatu zuen begiak ongi enfokatuz. Une horretan bertan, gidaria zutitu egin zen bolantea askatuz, eta zuzenean Beatrizengana abiatu zen. Emakumeari aurpegia bi eskuez gartsu heldu eta musu eman zion ezpainetan.
 
Orduantxe esnatu zen Beatriz izerdi patsetan. Asteak zeramatzan gidariarekin ametsetan, baina gaurkoa izan zen, dudarik gabe, guztietan arraroena eta beldurgarriena. Sentsazio gazi-gozoa gelditu zitzaion gorputz guztian zehar. Ez zuen, inondik ere, bere bizia arriskuan jarriko gizonezko baten musuagatik, baina aitortu beharra zuen, oso gustuko zuen mutil hura. Inori ez zizkion esan harekiko sentitzen zituenak, baina bere begirada batek egun guztia alaitzen zion. Beatrizen egunak ez ziren jada jatorduekin banatzen, baizik eta autobuseko bidaiekin. Nerbioak jota egoten zen txanponak autobus txartelaren truke aldatzean, beren eskuek topo egingo ote zuten pentsatzen. Horretxegatik ez zuen autobuseko txartel bakarra atera. Ezinezkoa zitzaion halakorik inori kontatzea; inori ez, bere barnea lasaitu arte. “Nire adineko emakume bat halakotan ibiltzea ere!”, lotsatu egiten zen pentsatze hutsarekin. Errealitatea bestelakoa zen ordea, alaba etxetik joan zitzaionetik bakarrik sentitzen zen eta bere buruak erokeria haiek egitera bultzatzen zuen.
 
Ohetik jaiki eta kafea prestatu zuen. Esnatu ondoren segituan altxatzea gustatzen zitzaion, alaba txikia zenetik egiten zuen, halabeharrez askotan. Alkandora zuria eta galtza bakeroak jantzi zituen. Konjunto hark, bere adinerako, emakume erakargarria egiten zuela esana zion lagun batek. Makillaje basikoa eman eta bitxiontzian zuen perladun belarritako bat sartu zuen poltsan. Poltsa sorbaldatik zintzilik atera zen etxetik.
 
Garaiz heldu zen autobus geltokira eta markesina barruan zegoen aulkian eseri zen zain. Markesinaren alde batean zintzilik zegoen paper batek atentzioa deitu zion: Iragarki bat zen, mugikor bateko zenbakiak zati indibidualetan zintzilik izaten dituzten horietakoa. Pisu bila zebilen gizonezko baten iragarkia zela irakurri zuen. Alabak askotan esaten zion pisu kide bat aurkitu behar zuela, konpainia egingo ziola eta gainera, ongi etorriko zitzaiola diru laguntza. Inguruan inor ez zegoela aseguratu ondoren, zati bat kendu zion eta poltsan gorde. Beharbada, egun hauetako batean deituko zion, gogoa ematen bazion.
 
Autobusa bere orduan heldu zen, eta Beatriz sartu zen aurrena. Lotsati agurtu zuen gidaria eta dirua mostradorean utzi zion. Gidariak txartela luzatzean, beste eskuan zuen zerbait erakutsi zion. Poltsan zeraman perladun belarritakoaren laguna zen. Atzo bere eserlekuan topatu zuela esan zion Beatrizi eta honek, irribarre batez eskerrak eman zizkion. Hilabete zeramatzaten joko harekin, Beatrizek zerbait uzten zuen eserlekuan, eta hurrengo egunean, gidariak bueltan itzultzen zion. Biek adostutako erregelak zituen jokoa zen, eta momentuz, Beatrizen itxaropenak guztiz betetzen zituen.
 
Eserlekuan jarrita, belarritako parea janzten zuen bitartean, atzeko gizon luzea begira zuela nabaritu zuen. Askotan pentsatu zuen Beatrizek gizon hark zerbait antzemana zuela eta ez zion estima handirik. Jaramonik egin gabe, aldameneko eserlekuan inor jar ez zedin, bere poltsa ipini zuen. Autobusa martxan jarri zen beti bezain leun.
 
Bere lekutik, ederki ikusten zuen gidariak autobusaren martxa aldatzen zuen une bakoitza, bere beso luzeak gihartsuak ziren, ile horiz apainduak. Haren aurpegiaren perfila perfektua iruditzen zitzaion, Grekoen eskulturak gogorarazten zizkion. Geltoki bakoitzean sartzen zen bidaiari berriari eskaintzen zion irribarreak berriz, Paul Newman ekartzen zion gogora. Mutil hari begira, segituan pasatzen zitzaion denbora eta konturatu gabe, Donostiara heltzen zen autobusa. Bere lekua utzi baino lehen, eskumuturrean zeraman Swarovski harriez eginiko eskumuturrekoa kendu eta bertan utzi zuen, aulkiaren erdian. Ondoren, altxatu eta bidaiari guzien modura, autobusetik jaitsi zen. Jende artetik, gizon altua ikusi zuen zebra bidean aurrera. Beatrizek, pausua moteldu eta bide berdinari ekin zion bere bulegorantz.
 
Bost erdietan ateratzen zen Beatriz lanetik. Bueltako autobusa hartu aurretik, arropa dendetako erakusleihoak ikusteko ohitura zuen. Tarteka, zerbait erosten zuen, une batez gogoa altxatuko zion kapritxo txikiren bat. Eta beti, aldizkari bat eramaten zuen aldean, autobusean irakurtzeko. Itzulerako bidaia luze egiten zitzaion bestela, autobuseko gidaria aldatu egiten zen arratsean.
 
Ostiral hartan eguraldi zoragarria egiten zuen. Eguzkia berotzen hasia zen baina, haize freskoak, egun sanoa iragartzen zuen. Mahuka motzeko blusa zuri bat eta bere ohiko jean urdinak jantzita, autobus geltokira abiatu zen Beatriz. Markesinan eseri eta zain gelditu zen. Aurreko eguneko iragarkiaren bila ibili zen baina jada norbaitek kendu zuela konturatu zen. Jendea konpainia beharrean edo diru arazo larriekin zegoela pentsatu zuen. Laster bete zen markesina ingurua jendez. Ohi baino jende gehiago zegoen, hondartza zale guzti haiek ziren estrak. Bi neska gazte eseri zitzaizkion ondoan. Nabari zuten hondartza txori zirela, bikiniaren lokarria lepo atzean lotuta zuten eta biziki ari ziren hizketan, udara ostean Donostiako enpresa batean egin behar zituzten praktikei buruz.
 
Autobusa heltzean, hondartza gosez zeuden haur koadrilak izan ziren sartzen aurrenak. Ondoren, beste guztiak. Beatriz, egunero bezala sartu zen, tripetan zirrara berezi hura lagun. Erritualak eskatu legez, gidariak eskumuturrekoa itzuli zion hamar euroko billetearen bueltekin batera. Begirada konplizea elkartrukatu eta autobuseko pasilloan barna, bere lekuan eseri zen Beatriz. Poltsa amantalean jarri behar izan zuen egun horretan, jende andanari tokia uzteko. Geltokian ondoan izan zituen bi neska gazte pinpirinak, Beatrizen atzean eseri ziren. Ezin izan zuen eragotzi hauen elkarrizketa entzutea, “konturatu zara gidaria ze guapoa den?” esan zion batak besteari, “bai, izugarria dago. Ezagutzen duzu?” erantzun besteak, “ez, baina laster ezagutuko dut!” eta biak barrez bukatu zuten. Beatrizek ezin zuen belarria atzeko elkarrizketatik kendu eta bere barnean izugarrizko sua sentitzen hasi zen. Sekula horrelakorik, jeloskor zegoen! Atzeko neska lirain haiekiko jelosia sentitzen zuen. Berak sortu zuen jolasa, arriskuan ikusi zuen bat batean. Isiltzen ez baziren, bere burua kontrolatzeko gai ez zela izango pentsatzen hasi zen. Baina atzeko neskek jarraitu egiten zuten, “uste dut, badakigula nola etorriko garen Donostiara, irailetik aurrera”, batek besteari, “autobusean!” biak batera eta berriro barre algarak.
 
Sentimendu irrazional batek jota, pazientzia galdu eta aulkitik apur bat altxatu zen Beatriz, neskei gogor hitz eginez, “aizue, bidaia hau egunero egiten dugunok ez dugu horrelako iskanbilarik onartuko. Errespetu pixka bat, mesedez”. Bi neskak seko isildu ziren. Beatrizek, nerbioak jota, poltsa arakatu zuen baleriana landarez eginiko pastilla baten bila. Autobusak bere martxa jarraitu zuen. Pixkanaka, husten joan zen Zumaian eta Zarautzen hondartza zaleak utziz. Donostiara, betikoak heldu ziren. Gizon altuaren atzetik, motel galdu zen Beatriz zebrabidean aurrera.
 
Aste burua artega pasatu zuen. Ezin zituen burutik kendu autobus gidaria eta bi neska gazte haiek. Ezin zuen onartu irailetik aurrera aurkari haiek edukitzea. Galdua zuen autobus gidariaren atentzioa bi neska eder haien ondoan. Zerbait pentsatu behar zuen gauzak okerrera egin baino lehen. Pista argi bat utziko zion gidariari, beraien artekoa benetakoa zen jakiteko. Joko hura noraino heldu zitekeen jakiteko. Igande gabean, bitxitegi bateko diamanterik hoberena lapurtzera joango bazen bezala, plan bat pentsatu zuen. Emakume heldu bat bezala jokatu eta kartak mahai gainean erakutsi behar zizkion bere gidari ederrari. Sukaldeko mahaian jarri eta eskutitz bat idazteari ekin zion. Arratsalde osoa pasa zuen idazten, folioak bete eta puskatuz, harik eta egoki iruditu zitzaion bat idatzi zuen arte.
 
Hurrengo goizean, berriro jantzi zituen alkandora zuria eta galtza bakero urdinak. Perladun belarritakoak eta Svarowski eskumuturrekoa soinean, ekintzarako prest zegoen. Markesinan itxoin zuen autobusa etorri arte. Irribarre batez agurtu zuen gidaria eta bere betiko aulkian eseri zen. Aldameneko aulkian poltsa utzi eta Donostiarako bidaia hasi zuen. Atzeko gizon altuak ez zion besteetan bezalako nahigaberik sortu eta irribarre egin zion hari ere. Donostiara heltzean, bere jarlekutik altxatu, eta disimuluan, eskutitza eserleku gainean utzi zuen. Kartazal gainean, “Autobuseko gidariarentzat” irakur zitekeen hizki handiz.
 
Eginda zegoen. Berak hasi zuen jokoaren amaiera bidea irekita zegoen. Ikaragarrizko askatasuna sentitzen zuen Beatrizek. Une horretan, gidaria berriz ikusiko ez balu ere, ez zitzaion axolako. Alabari deitu zion, pisu-kide bat topatzeko iragarkiak jasotzen hasi zela kontatzeko. Beatriz ziur zegoen, amodio erakustaldi hark, bere fruituak ekarriko zituen.
 
Egun handian, Beatriz markesinan zen sekula baino goizago. Ez zekien zer esango zion, beharbada beste eskutitz bat idatziko zion bueltan. Edo agian autobus txartelean idatziko zion. Are gehiago, beharbada, hantxe denen aurrean, bere ametsetako musua emango zion. Badaezpada, azken momentu arte egon zen zain, eta bera bakar bakarrik sartu zen autobusean. Barruan, diru kaxatik gertu, argazki handi bat ikusi zuen. Gidaria agertzen zen bertan, emakume eder bati gerritik helduta, inguruan jolasean, bi haur txiki. Segituan ulertu zuen Beatrizek, garbi zegoen erantzuna, enbido batek merezi zuen hordagoa zen. Aho zabalik gelditu zen Beatriz argazki hari begira. Nola egon zitekeen horren nahastuta? Bat batean autobuseko eskailerak nabaritu zituen oinen azpian. Munduaren zentroa bere gorputzari tiraka ariko balitz bezala sentitu zuen. Gidariak berak ekarri zuen bere onera barrura sartzeko esanaz. Autobus osoa bera sartu zain zegoen. Irribarrerik gabe baina adeitsu agurtu ziren Beatriz eta gidaria. Horrela izango zen handik aurrera.
 
Autobusetik jaitsi eta mugikorretik, markesinatik hartu zuen iragarkiko telefonora deitzen ari zela, zebrabidean aurrera zihoan gizon altuak, poltsikoan zeraman mugikorra erantzuten zuela ikusi zuen, “nor da?”
 

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli