Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
PARRA EGIN
parra_egin  
pdf  
Larunbata, itzelezko mozkorra gainean. Aste osoan lan egin ondoren nekatuta nago, fisikoki indargabetuta eta psikikoki nazkatuta. Errutinatik aterako nauen vodka-limoia esku batean, ingurura begira nabil, nire edabe magikoa lurrera botako duen mozkorren bat ba ote dabilen aztertuz. Garestiegi daude konbinatuak horrelako amaiera bat emateko. Nire herrian behintzat. Sakelatik telefonoa atera dut; ahaztu egin zait jaso berri dudan mezuan esan didazuna. Ea beste behin. Mensajes; Bandeja de entrada: PARRA EGIN DUT MATTIA. IRABAZITA NEUKAN PARTIDA, BAINA PARRA EGIN DUT.ONDO PASA. MUXU. Orduan konturatu naiz. Pentsatu dut, alderantziz izango balitz, mezua oso bestelakoa izango litzatekeela. Ni izango banintz arratsaldean xake txapelketan parte hartu zuena. Mensajes; bandeja de salida: GALDU DUT MATTIA. IRABAZITA NEUKAN PARTIDA, BAINA GALDU DUT.ONDO PASA.MUXU. Edo antzeko zerbait.
 
Bat-batean nire burua ez dago leku hartan. Errutinatik atera nahi duten mozkorrez betetako tabernatik ihes egin du nire gogoak. Eta nire buruarekin haserretu naiz. Galtzaile deitu nauelako haserretu naiz.
    parra_egin1

Ez naiz galtzailea, gauzak bukaeraraino bizitzea gustatzen zait; besterik ez. Erantzun diot nire pepito grillo zerri horri. Zalantzaz betetako baieztapena izan da. Saiatu naiz disimulatzen baina... nola engainatu nire burua? Partxisean bakarrik jokatu eta tranpak zeuri egitea bezalako zerbait da, nabarmen geratzen zara, biluzik ispiluaren aurrean.

Inoiz ez zara damutu egindako zerbaitez? Gauzak bi aldiz pentsatu gabe egin izanaz?

Baliteke, bai, askotan. Baina beti pentsatzen dut gehiago damutuko nintzatekeela parra egin izan banu. Parra egiten duenak ez du bukaeraraino jokatzen. Inoiz ez du jakingo zer gertatuko litzatekeen jarraitu izan balu.

Seguru zaude jakin-minarekin geratu baino, aukeran hobea dela partida galtzea?

Ez da hobea izango, ez zuzenena behintzat. Baina ezin dut ekidin. Odol berokoa naiz, hiperaktiboa, erabaki azkarrekoa.... txoriburua nahi baduzu. Baina horrelako naiz. Eta horrela behar dut jokatu. Badakit, seguru nago, jokoan parra egingo banu beti, ito egingo nintzatekeela; ez nintzela ni izango; hil egingo nintzatekeela barrutik; bizipoza galduta, egin beharrekoa egingo banu beti.

Ei! Esnatu! Jaitsi mundura neska! A ze nolako itsua daramazun! Nahi duzu beste porro bat egitea? Bota dit koadrilako lagun batek.

Ke ba, ke ba...nahikoa dut gainean daramadanarekin.
 
Lagunari begiratu diot segundo batzuez. Nire buruarekin izan berri dudan elkarrizketa kontatzeko izugarrizko gogoa sartu zait, nire izateko moduaz zer pentsatzen duen galdetzekoa. Ez, hobe ezetz, ez da leku aproposena; ezta ordua ere. Bueno, batzuetan nire burua kontrolatzeko gaitasuna dudala behintzat erakutsi dut, pixka bat bada ere.

Taberna ixtera doaz eta aukera bakarra geratzen da: herriko diskoteka. Ez nago hango panorama agoantatzeko. Mozkor klase desberdinak izan ditzaket, eta gaurkoa ez da diskotekara joateko modukoa. Filosofikoegi nago antro horretan sartzeko: gonatzat gerriko baten tamainako oihala erabiltzen duten nerabeak –zahartzen hasia nago–, guztiak komunetan pilatuta, denak ispilu aurrean, rimel-kolorete-begietako arkatz eta gainontzekoak beste ukitu bat behar ote duten kontrolatuz; eta mutilak –asko– nesken trikimailuekin sorginduta. Egongo dira hori baino zerbait gehiago bilatzen dutenak, jatorra izatea eta antzeko txorakeriak; edo mutilak bilatzen dituzten mutilak; baina, normalean, lehenengo taldekoak izaten dira nagusi diskoteka honetan. Ez, gaur ez nago hara joateko, karka baten modura, gure gizarte hutsal honen inguruan gogoetan hasiko nintzateke, gaizki sentitzeraino gutxienez; eta ez, ez nago hara joateko.

Autobus paradan zain: kristoren hotza. Azken porroa egiteko erabakia hartu dut. Kaka. Ez daukat ezer. Papera-tabakoa- marihuana-metxeroa tabernako barran utzi ditut nonbait. Nire poltsan, behintzat, ez daude. Hala beharko du: horretan ere sinesten dut, gauzak arrazoiren batengatik gertatzen direla, alegia; horregatik ahaztu zaidala marihuana, zerbaitegatik ez nuelako porro hori erre behar. Ez dakit zein dagoen guztia kontrolatzen, baina zerbait badagoela sinesten hasia nago. Sinesten hasia nago, aldi berean, txoriburu samarra naizela. En fin.

Azkenean: autobusa. Mozkorra zaudenean, bakarrik, hotzez, eta etxera iristeko gogoarekin, denborak beste dinamika bat eramaten du. Mozkorraren kalterako, beti. Plastikozko eserlekutik kanpora begira, ez dut ezer interesgarririk ikusten. Baina okerragoa da barruko panorama. Bitartean, ohean imajinatzen zaitut. Lasai, bero, goxo. Eta ni, tabako eta alkoholezko lurrun kirasdunaz blai. Ez da justua zurekin oheratzea. Sofan lo egin nezake beharbada. Baina ez dut egingo, badakit. Gelara isilka sartu –niri behintzat hala iruditu zait– eta zugana jo dut zuzenean. Ohiko «gabon mattia» horren ordez, muxu bat. Beroa, oso. Zurekin jolastu nahi dut. Partida bat botako dugu? Ohe ondoko lanpara txikia piztu dut. Ikusi nahi zaitut. Begietara begiratu eta hitzik esan gabe bota dizut: xake! Oraingoan ez dugu parra egingo. Bukaeraraino
iritsiko gara...

XAKE MATE
 

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli